Frantsesak garrantzia handia hartuko du hil honetan zehar El Espazion. Horrez gain, lan mugikortasuna nazioartean, internet lana bilatzeko tresna gisa eta beste hainbat alor jorratuko dira bertan.
ETEak nazioartean bultzatzeko jardunaldia
Irungo eta Hondarribiko langabeei edota lana aldatu nahi dutenei zuzendutako 12 jarduera prestatu ditu
El Espaziok urrirako. Bidasoa Bizirik erakundeak bultzatutako jarduerak dira El Espazion egiten direnak eta lan munduarekin harremana dute. Frantsesari garrantzia berezia emango diote hil honetarako antolatutako jardueretan.
Hala, urriaren 14an eta 24an curriculuma eta motibazio gutuna frantsesez egiten ikasteko tailerrak izango dira. Hilaren 27an, Ipar Euskal Herrian eta Akitanian lana bilatzeko saio informatiboa egingo dute, eta 31n aldiz, lan elkarrizketak frantsesez prestatzen ikasiko dute interesatuek.
Horrez gain, ondoko ikastaroak ere aurreikusi ditu El Espaziok:
Enpleguaren bila. Curriculuma eta aurkezpen gutuna; Nazioarteko lan mugikortasuna;
Internet eta enplegua bilatzea. Posta elektronikoa sortzea eta erabiltzea; eta
Interneten enplegua bilatzea. Lanbide.net eta beste web guneak.
El Espaziotik jakinarazi dutenez, “informazio gehigarria ere eskainiko da gai ezberdinen inguruan: negozio plan bat egiteko jarraitu beharreko urratsak, lan elkarrizketei aurre egiteko modua, atzerrirako aholkularitza juridikoa, edo autonomo moduan izena emateko jarraibideak”.
Nazioartera bultzada
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Bidasoa Bizirik-ek sinatutako hitzarmenak, enpresa txiki eta ertainak (ETE) nazioartean zabaltzea dute helburu, “enplegua sortzeko eta mantentzeko asmoz”. Hitzarmen horren baitan Bidasoko 13 enpresen diagnosia egin dute dagoeneko ganberako zenbait adituk eta urrian zehar beste 7 gehiagorena ere egingo dute. Horren helburua “sinergiak eta lankidetza” lortzea da. Hortik abiatuta, zabalkuntzarako lerro estrategikoak diseinatuko dituztela adierazi dute.