Hamaika proiektu adostu dituzte Oarsoaldeko bizilagunek Gipuzkoako Foru aldundiak emandako 500.000 euroak inbertitzeko.
![Partaidetzazko aurrekontuen azken bileran 25 lagunek hartu zuten parte](http://oarsobidasoa.hitza.info/files/2014/10/komunikabideetara.jpg)
Partaidetzazko aurrekontuen azken bileran 25 lagunek hartu zuten parte
Oarsoaldeko bizilagunek erabaki dute 500.000 euroak zertan inbertitu nahi dituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Partaidetzazko aurrekontuak 2014 ekimenaren azken urratsa eman zuten herenegun Lezoko Gezala Auditorioan, eta guztira hamaika proiektu aukeratu dituzte Oarsoaldean bultzatzeko. Energia berriztagarrien gaineko oarsoaldea mailako diagnostikoa eta plana egitea eta energia mota horien gaineko informazioa emango duen pertsona kontratatzeari eman diote diru zatirik handiena, 83.000 euro hain zuzen ere.
Nekazaritza sustatzeari ere eman diote aparteko garrantzia. Horren harira, ekintzailetza proiektua abiatzea adostu dute, nekazari lanetan aritu nahi duten lagunentzako haztegia izango dena. Proiektuarekin hasteko lurra behar dutela eta Oarsoaldean nekazaritza lanen sutapenerako dauden lurren azterketa eta balorazioa egiteko lagun bat kontratazea proposatu dute. Behin azterketa eginda, proiektua hasiko dute. Proposamen horri 75.000 euro emango dizkiote. San Pedroko Proisaren gaineko hausnarketa prozesua egitea ere adostu dute Oarsoaldeko bizilagunek, “prozzesuak eskualdeko ikuspegia izan behar du, oinarria leku konkretu bat bada ere, hausnarketak eskualdekoa behar du”. Oarsoalde mailako parte hartze prozesuari, eta proiektu exekutiboari 74.200 euro eman dizkiote parte hartze prozesuan aritu diren herritarrek.
Arazo psikikoak eta lan integrazioa
Diru kopuru osotik 50.000 euro arazo psikikoak dituzten pertsonen lan integrazioa sustatzeko ematea adostu zuten herenegun egindako bileran. Diskriminazioak ere izan du tartea, eta horren harira, arrazoi etnikoengatik sortutako diskriminazioari aurre egiteko sare bat sortzea erabaki dute. Aurreko guztiekin batera, Oarsoalde mailako berdintasun teknikarien mahaia sortzea ezinbestekoa jo dute parte hartze prozesuan aritu diren bizilagunek, “jai parekideak jorratzea litzateke helburua”. Une honetan Pasaia eta Errenteriako udaletan dituzte berdintasun teknikariak. Oiartzun eta Lezoko udaletan arituko den berdintasun teknikaria kontratatzea proposatu dute eskualdeko mahaia egi bihurtu ahal izateko. Azken proposamen honi 40.000 euro eman dizkiote. Parte hartze teknikaria kontratatzea ere adostu dute (43.000 euro), “oarsoaldeko herrigintzaren kohesioa lantzeko”.
Auzolan egitasmoak martxan jartzea (37.500 euro); oroimen historikoa berreskuratu eta jendartera plazaratzea (12.000 euro); eskualdeko leku interesgarriak bilduko dituen ibilbide zirkularra planifikatzea (12.000 euro); Euskal Herritik kanpo jaiotakoei euskara ikasteko baliabideak ematea (20.000 euro); eta Nikaraguan formazio eskola integral bat martxan jartzeko proiektua aurrera eramatea (8.000) ere adostu dituzte.