
Ostiralean Itsas Etxean egin zuten aurkezpeneko une bat
Hondarribiko Gure Esku Dagok giza katea egingo du hilaren 31n (larunbata) San Pedro kalean, 20:00etan, ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo dutenaren aurrerapen gisa. Hondarribiak ibilbidearen 105. Kilometroa osatu behar du ekainaren 8an eta 400 herritar behar dira horretarako. Larunbatekoa, horren entsegua izango da eta kopurua osatu arte falta diren herritarrak lortzen saiatuko dira.
Ostiralean egin zuten Hondarribiko taldearen eta ekainaren 8ko giza katearen aurkezpena Itsas Etxean. Auditorioko harmailak bete zituzten eta bertaratu zirenek oso balorazio positiboa egin zuten ekitaldia bukatu eta ateak ireki zirenean. Aurkezpeneko hizlariek azaldu zutenez, Hondarribiko Gure Esku Dago egunero hasi da mahaia jartzen, giza katearen gaineko informazioa zabaltzeko eta bertara joan nahi dutenei metroak nahiz autobus txartelak saltzeko. Astelehenetik ostiralera Itsas Etxearen kanpoaldean ari dira jartzen, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan San Pedro kalean, 12:00etatik 14:00etara.
Metroaren prezioa 5 eurokoa da eta autobus txartelak 10 euroan (13 urte edo gehiago dutenek) eta 2 euroan (12tik behera) saltzen dituzte. Autobusaren txartela hartzen denean kontuan izan behar da bi txanda desberdin izango direla. Batetik, autobus batzuk giza katearen ondoren Hondarribira itzuliko dira, eta bestetik, beste batzuk Iruñeara joango dira eta bertan egingo den jaiaren ondoren bueltatuko dira.
Autobusez joaten ez direnei jakinarazi diete lehentasuna autobusei emango zaiela eta, hortaz, kilometroaren zenbakia modu ikusgarrian eramateko eskatu diete. Hondarribiarrek ibilbidearen 105. kilometroa osatu behar dute, Arakilen (Nafarroa).
Hauek eta beste gomendio batzuk gida batean jaso dituzte eta informazio mahaian eskuragarri daude. Bukatzeko, metroa nahiz autobus txartelak ahalik eta lehenen erretserbatzeko eskatu diete herritarrei. Ekainaren 8koa Euskal Herrian inoiz egin den ekitaldi handienetakoa izango da eta antolakuntzan gauza asko lotu behar dira, herrietatik bertatik abiatuta.