Maiatzeko udalbatzarra
Lanpostu zerrenda eta lantaldean aldaketa batzuk egiteko proposamena landu zuten atzo zinegotziek, maiatzeko ohiko osoko bilkuran.
Proposamena banan-banan bozkatzeko eskatu zuen Maite Peña EAJko zinegotziak puntu batzuekin bat zetozelako, baina beste batzuekin ez. Horietako bat Kultur Dinamizatzaile lanpostua sortzearen gainekoa izan zen. Txostenak aldekoak izan arren, oposizioak ez zuen ontzat jo, eta aurreikuspenek lanpostu horren beharra ziurtatu arte, abendura arte, itxaroteko eskatu zuten EAJ eta PPk. PSE-EEk, berriz, ez zuen lanpostu horren beharra ikusi, betebehar horiek Kultura departamenduko langileek bete ditzaketelakoan.
Alazne Korta zinegotziak, ordea, balorazioan lanpostu hori sortzearen beharra ikusi dela gogorarazi zuen, eta lanpostu hori sortuko balitz, gerora langilea kontratatzeko tramitea bizkortuko litzatekeela.
Beste aldaketa batzuk ere egin zituzten: Agente Lehenari hizkuntza eskakizuna aldatzea eta bi administrari lanpostu bi dotazioko postu bakarrean bateratzea.
Horrez gain, bake epailea izendatzeko proposamena ere onartu zuten. Alazne Gozalo Goikoetxea izango da, eta Esteban Losantos Barrenetxearen lekukoa hartuko du.
Beste proposamena Lekuona okindegia izan zen eraikinari izena aldatzea izan zen: Lekuona Arte Eszenikoen Zentroa izango da, eta Ugarritze Etorbidea 1 zenbakian egongo da.
Kontu hartzailearen txostena
Kontu hartzailearen txostenen harira ere izan zen eztabaida. PSE-EEk plan ekonomiko finantzarioa udal gobernu taldeak “atzeko atetik” onartu duela salatu zuen, eta kontu hartzailearen txostenean gastuen araua ez dela betetzen gaineratu zuen, ezta aurrekontuen egonkortasuneko aurreikuspenak ezta finantza jasangarritasuna ere.
Julen Mendoza alkateak erantzun zion kontu hartzailearen ondorioetan biltzen dela plan ekonomiko finantzario horretan helburu ekonomiko-finantzario guztiak betetzen direla, eta zentzu horretan ez dagoela “egoera katastrofistarik”. Gaineratu zuen kudeaketa ekonomikoaren emaitzak onak direla, eta horrek ematen duela aukera inbertsioak egiteko.