Prezioak izan dira finkatu duten alderdietako bat, baldintza teknikoak, hizkuntza, ingurumena eta genero ikuspegiaz gain. Udalak ferianteei tasa gutxiago ezarriko dizkie.
Arturo Manchado ferianteen ordezkaria eta Irune Balentziaga Kultura zinegotzia
Urtebeteko elkarrizketen ondoren, feriante nahiz Errenteriako Udalak lortu dute akordioa, eta datozen madalenetan, karruseletan, nabarituko da aldaketa, hainbat oinarri finkatu dituztelako.
Esate baterako, prezioetan. Iazko jaietatik beherakada nabarmena izango dute. Esaterako, haurrentzako aparatuetan edo talka autoetan bidaia baten prezioa iaz 2,50 eurokoa zen, eta aurten 1,80 eurokoa izango da. Horrez gain, errespetatu egingo dituzte Haurren Egunean eta madalenen ondoren izaten diren beherapenak.
Horrez gain, baldintza teknikoak, hizkuntza, ingurumena eta genero ikuspegia kontuan izan beharko dituzte ferianteek.
Bestalde, hainbat onura ekonomiko izango dituzte, udalak ezarritako tasetan beherapen bat izango dutelako.
Hitzarmen hori hiru urtez egongo da indarrean: 2014, 2015 eta 2016 urteetan.
Gaur goizean eman dute akordio horren berri Irune Balentziaga Kultura zinegotziak eta Arturo Manchado ferianteen ordezkariak. Pozik agertu dira bi aldeak akordioetara iristeko prestutasuna erakutsi dutelako, eta horrek herritarrentzat hobekuntza bat ekarriko duelako.
Manchadok zehaztu du feriante guztiek ulertu dutela prezioak jaistearena. Antzeko akordioak ez direla oso ohikoak gogorarazi du, eta horrenbestez, Errenteria-Orereta Oarsoaldeko beste herrientzat erreferente izatea espero du.
[box]
Prezioen zerrenda 2014-2015-2016 akordioa
Talka autoak
- Bidaia bat: 1,80 euro (2,50 euro)*
- Zazpi bidaia: 9 euro (sei bidaia: 12,50 euro)
Helduentzako aparatuak
- Bidaia bat: 2,20 euro (3-3,30-3,50 euro)
- Sei bidaia: 11 euro (bonorik ez)
Haurrentzako aparatuak
- Bidaia bat: 1,80 euro (2,50 euro)
- Zazpi bidaia: 9 euro (sei bidaia: 12,50)
Tonbola
- Saritan %70. 40 txartel 10 euro (25 txartel: 10 euro)
Salmenta
- Kotoiak: 3 euro (4 euro)
- Kokoak: 1,50 euro (2 euro)
- Sagarrak: 2,50 euro (3,50)
Txurroen postua
- Txurro dozena: 4 euro (5 euro)
- Porra bat: 1 euro (bi porra 3 euro)
- Kauserak: lau euro (5 euro)
Tiroa
- Tiro bat: 1 euro (1,50)
- Sei tiro: 5 euro (lau tiro 5 euro)
- Tiro bereziak: 2 euro (3 euro)
- Bolak: 0,50 euro (1 euro)
- Bost bola: 2 euro (3 bola 2 euro)
Prezio bereziak
- Uztailaren 24a (11:00-1400): bidaia 1 euro
- Uztailaren 27a (egun osoa) bidaia 1 euro
(*): 2013ko prezioa.
[/box]