EAJk Pasaitarren Eskubideak taldeak eskatutako kontsulta babestuko du
Herri batzarra egin zuten atzo Trintxerpen atez atekoaren kontra dauden herritarrak, eta, besteak beste, han izan ziren udaleko hainbat talde politikoetako ordezkariak, herritarrak gonbidatuta. EAJren arabera, han bildutako herritarrek laguntza eskaera egin zieten eta horren aurrean jeltzaleek, gaur, publikoki, babes hori helaraziko dietela agertu nahi izan dute. “Pasaiako EAJ-PNVK jakinarazi nahi du kontsultaren ekimenak taldearen erabateko babesa duela eta herritarrek behar duten guztian laguntzeko prest daudela”, esan dute.
Pasaitarrek Eskubideak izenarekin, atez atekoaren gaineko kontsulta eskatzeko mozioa aurkeztu dute Pasaiako Udalean hondakinak biltzeko sistema berriaren kontra dauden hainbat lagunek. Aipatu mozioa datorren astearteko plenoan eztabaidatuko dute. Plenoa, 19:00etan izango da, San Pedroko udal aretoan.