Betti Gottiren 10. urteurrena ospatuko dute larunbatean
10. urteurrena ospatzen ari da aurten Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea, eta ospakizunen egun nagusia larunbaterako antolatu dutela jakinarazi dute elkartekideek. Hala, kantu bazkaria, tailerrak eta jolasak egingo dituzte larunbatean, San Juan plazan, 10:30ak eta 12:30ak bitartean.
Hamar urte hauetan zehar Betti Gottiren udalekuetan begirale izandako lagun guztiak kantu bazkari batean bildu nahi ditu elkarteak. “Bideo bat ere ikusiko dugu eta, aurretik, gureak izandako haurrekin eta bere gurasoekin elkartu nahi dugu” azaldu du Iñaki Goikoetxea elkartekideak. Hori dela eta, Irungo, Hondarribiko eta inguruko ume guztiak goizean zehar San Juanen egingo diren tailer eta jolasetan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Horrez gain, sanmartzialetako herri bazkarirako txartelak ostiralean jarriko dituztela salgai gogora ekarri dute Betti Gottikoek. EKTren egoitzan (Larretxipi kalea, 12) salduko dituzte tiketak, 18:30etik 20:30era.