Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiria Elkarteak hitzarmena sinatu dute. Errenkoalde eta Lau Haizetarak ere parte hartuko dute.
Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horri esker, Errenteria-Oreretako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatu nahi dute.
Udalak konpromisoa hartu du Bai Euskarari Ziurtagiria lortzen duten elkarteei kostuaren zati bat diruz laguntzen.
Alazne Korta alkarteordea eta Rober Gutierrez elkarteko ordezkariak sinatu dute hitzarmena. Alboan izan dituzte Imanol Iparragirre Errenkoaldeko eta Ikerne Zarate Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteko ordezkariak, elkarte horiek lagunduko baitute kanpaina herrian zehar zabaltzen.
“Elkarrekin eta modu kohesionatuan lana eginda emaitza hobeak” lor daitezkeela iritzi dio Gutierrezek, eta horregatik, eskerrak eman dizkie alde guztiei.
Merkataritzara bideratuta
Batez ere merkataritzaren alorrean eragin nahi dutela adierazi du Bai Euskarari Elkarteko kideak, eta establezimenduei tresnak emango dizkietela esan du, “hizkuntza egoeraren azterketa egin eta helburuak finkatzeko”.
Ziurtagiria duten dendak “erreferenteak” izango direla gaineratu du, eta euskara txertatzea “kalitate aldagaia” dela gaineratu du.
Zentzu horretan, Iparragirrek Errenkoalderen izenean euskaraz lan egiteko apustua egin eta aukera baliatzera gonbidatu ditu dendak, euskarazko zerbitzua eman eta euskaraz bizitzea bultzatzeko. Euskararen alde egitea “bide estrategikoa” dela ere nabarmendu du Iparragirrek. Horrez gain, gogorarazi die merkatariei udalak egun ematen dituela laguntza batzuk itzulpenak egiteko baita kartela euskaraz jartzeko ere; askok horren berri ez dutela zehaztu du.
Hitzarmenak euskararentzat espazio berriak lortzeko aukera ematen duela gogorarazi du Gutierrezek: “Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko”.
Kortaren arabera, udalak bat egiten du Bai Euskarari Ziurtagiriaren helburuekin, eta horrenbestez, “dituen baliabide guztiak” jarriko dituela esan du, “elkarteak dituen asmoak eta edukiak gizarteratzeko”.