Gaur aurkeztu dute festa herriko eragileek
Udaberri Jaiaren XXV. urteurrena beteko da larunbatean. Horren barruan arratsaldeko Sagardo Jaia dago. Girizia Kultur eta Kirol Elkarteak antolatu du festa udalaren, Trut-tturren eta herriko taberna eta komertzioen laguntzarekin. Festaren mende laurdena izanik, modu berezian ospatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Egitarauaren aberastasunaz gain, antolatzaileek bi gauza nabarmendu dituzte. Batek jaiaren itxurarekin du zerikusia, oiartzuarrei eta kanpotik etorriko diren bisitariei eskatu dietelako baserritarrez jantzita agertzeko eguneko ekitaldi guztietara. Besteak festaren mamiarekin eta hasierarekin du harremana: duela mende laurden festa lehenengoz antolatu zutenei gorazarre egingo diete, eta hori egiteko zein modu egokiagoa 18:00etan hasiko den Sagardo Festaren lehen txotxaren protagonista izatea baino.
Baina gauza askoz gehiago daude. Horien artean ere nabarmentzekoa da eguerdian, 12:00etatik aurrera, abiatuko den sagar lehia. Herriko gazteek, Oiartzungo eragileek prestatutako jokoetan parte hartuko dute. Koadrilen arteko sei jokoko lehia izango da, plaza inguruan denak. Eta horri erantsi behar zaio plazak, eta zehazki Kontzejupeak, dekorazio berezia izango dela, sagardotegi gisara moldatuko dutelako.
Honakoak dira eguneko ordutegiak:
- 11:00etan, triki jirak hasiko du eguna.
- 11:30ean, Oiartzungo baserrietako sagardoaren dastaketa egingo da.
- 11:00etatik 12:00etara, II. Sagar Tarta Lehia abiatuko da. Ordu tarte horretan eraman behar dituzte parte hartzaileek euren tartak. Iaz oso arrakastatsua izan zen lehia hori.
- 12:00etan, gazteen koadrilen arteko sagar lehia hasiko da.
- 17:30ean, Euskal Herria plazan, haurrentzako puzgarriak, tailerrrak eta txokolatada.
- 18:00etan, Sagardo Festa hasiko da. 15 sagardotegitako zukua dasta daiteke: Aginaga (Usurbil), Elutxeta (Urnieta), Larrarte (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Mendizabal (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Otegi (Lasarte-Oria), Otsuenea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Goiko Laskola (Hernani), Larregain (Hernani), Baleio (Oiartzun), Ordozelai (Oiartzun), Aristizabal (Oiartzun) eta Inddurren Borda (Lesaka).
- Sagardo dastaketa amaitzean, Los Railes taldeak kontzertua emango du Landetxe plazan, 20:30ean.
- 21:00etan, ‘Kontzejupeko sagardotegian’, afaria egingo dute 15 euroan txartelak erosten dituztenek: Amazkarren eta Garmendi Txokolategian daude horiek salgai.
Giriziako kideek eskerrak eman dizkiete festa antolatzen lagundu dieten guztiei. Aldi berean, gonbita luzatu diete inguruetako herritarrei egunpasa egiteko Oiartzunen.