Ostegunean irekiko dute Ama Xantalen kalea
Urdanibia plazako eraberritze lanen bigarren faseari guztiz helduko diote ostegunean. Maiatzaren erdialdean ekin zioten Eguzkitza kalearen hasierako lanei, bigarren fasearen hasierako lanei alegia, baina Ama Xantalen kalea guztiz bukatu arte ezingo dute lehenengo fasea bukatutzat eman. Hala, ostegunean irekiko dute berriz ere Ama Xantalen kalea, eta jarduketa eremua oraingoan, Eguzkitza kale inguruan eta Urdanibia plazan finkatuko dute.
Horiek horrela, Ama Xantalengo errepide berria asfaltatzen ari dira dagoeneko, eta seinaleztapen berria jartzea besterik ez da falta. Trafikoa ostegunerako berrezartzea aurreikusi dute eta desbideraketa berriak Eguzkitza kalean ezarriko dituzte orduan.
Saneamenduaren erronka
Orain arte, Ama Xantalen kaleko ur saneamendua berritu dute. Ur fekalak eta euri urak jasotzeko bi kameraz osatutako kutxatila berria ezarri dute bertan. San Juan plaza ingurua, Nafarroa etorbidea, Gain Gainean parkea eta Euskal Herria hiribideko euri urak Moskuraino bideratzen zirela azaldu du Pedro Lapazaran Irungo Udaleko Obra departamentuko zuzendariak. Uholdeak horren ondorio zuzena zirela adierazi du Lapazaranek. Zuzendariaren hitzetan hori ekiditeko “planifikazio bat dago Urdanibiara ailegatzen diren euri urak pixkanaka desbideratzeko eta era horretan uholde arriskua desagertzen joateko”. Zentzu horretan, zenbait eremuetako euri urak Urdanibia plazatik igaro gabe zuzenean Dunboako kanalera desbideratzen ari direla jakinarazi du Lapazaranek.
Ur fekalei dagokienez, bilketa eremua euri urena baino handiagoa dela esan du zuzendariak: “Kale Nagusia, Artaleku Aduana kaleko biribilgunea, Lapitze, Olaketa, Euskal Herria hiribidea eta Olaberria auzoko ur fekal guztiak hona etortzen dira. Hori dela eta, erabakigarria izan da saneamenduaren eraberritzea puntu honetan”.
Horiek horrela, zenbait ezustekorekin topo egin dutela ere kontatu du Lapazaranek. Izan ere, 2,5 metroko zabalera eta 1,45 metroko altuera zuen tunel bat aurkitu dute Ospitale Zaharraren azpitik Ama Xantalen kaleraino. Horren gaineko ezagutzarik ez zutela azaldu du zuzendariak. “Tunel horretatik marea sartzen zen”, esan du, “eta ospitaleko ur fekalen zati bat tunel horretara bideratzen zela deskubritu dugu”. Beste bi estolda gehiagorekin topo egin dutela ere azaldu du Lapazaranek, bat Korrokoitz kaletik zetorrena eta ezagutzen zutena; eta ezezaguna zen harrizko beste bat Ama Xantalenen bertan. “Beste obra batekoa izango zen azken hori, baina ez zuen inongo erabilpenik”, erantsi du zuzendariak.