Oier Olazabal atezain campusaren aurkezpena
Irungo Udaleko Kirol departamentuak gaur jakinarazi duenez, Oier Olazabal atezain campusa jardunaldiak antolatu dituzte uztailaren lehen asterako. Teknifikazio jardunaldiak izango direla zehaztu du Oscar Galan No problem! agentziako antolatzaileak eta Ricardo Costa atezain entrenatzaile eta arduradunak. Olazabal berak parte hartu du jardunaldien aurkezpenean.
Uztailaren 2, 3, 4 eta 5ean finkatu dute campusa garatzeko hitzordua, San Jose Langilea futbol zelaian. 11-18 urte arteko atezain gaztetxoentzat zuzenduta egongo da campusa, federatuak izan ala ez. Antolatzaileek adierazi dutenez, eskola praktikoak eta teorikoak izango dira egun horietan zehar; goizez, beti ere. Parte hartzen duten lagunek eskolez gain, gosaria eta atezain arropa jasoko dute. Jardunaldien kostua 150 eurokoa da.
Ekainaren 26ra arte eman ahal izango dute izena interesatuek Olazabalen
webgunean (gaztelaniaz).
Ibilbide profesionala
Oier Olazabalek (Irun, 1989) Ipar Euskal Herrian ekin zion bere ibilbide profesionalari. 1996tik 2000 urtera arte Hendaiako Eglantins futbol taldean aritu zen Olazabal eta urte horretan bertan Real Unionek fitxatu zuen irundarra. Zazpi urte eman zituen Irungo taldean eta 2007an FC Barcelona B taldeko atezain izendatu zuten. Sei denboraldi eman zituen bertan, eta azkenean, 2013an FC Barcelonaren lehen taldeko bigarren atezain aukeratu zuten.