
Mikel Llorente, Hondartza futbol zelaiko aulkian
Hondarribiko Futbol Elkarteko (HFE) lehen taldeak Ohorezko Mailan jokatzen jarraituko du datorren denboraldian, larunbatean Vasconiari 1-0 irabazi eta gero. Aurreko asteburuan Ondarroan lortutako puntuari esker azken jardunaldian erabakiko zen dena, jaitsierako postu bakarra zegoelako jokoan eta bi hautagai, Hondarribia eta Vasconia. Berdeei garaipena baino ez zien balio eta laguntza eskatu zuten. Erantzuna itzela izan zen eta Hondartzako harmailetan aurretik ezagutu gabeko giroa bizitu zen. Eta taldeak ere neurrira erantzun zuen, partidaren azken segunduraino borrokatuz, helburua lortu arte.
Aldalekuetan Mikel Llorente entrenatzaileak garaipena ospatu zuen bere mutilekin eta ondoren esan zien hurrengo denboraldian ez zuela beraiekin jarraituko. Bere ustez, diskurtsoak indarra ez galtzeko entrenatzailearen zikloak laburra izan behar du eta ona litzateke beste pertsona bat sartzea taldea pizteko. Lehen taldea utziko du Llorentek baina elkartean jarraitu nahi du, beheko mailetako kirolariekin lanean.
Arbitroak partidaren amaiera pitatu zuenean eman zenuen oihua Hendaiatik entzun zen. Ez zen gutxiagorako, ez!
[Barre egiten du] Azkenengo jardunaldietan hainbesteko tentsioa izan da, batez ere azken horretan. Partida bukatzen da eta lasaitasuna da, liberazio oihua izan zen. Azken minutuetan denak ginen epaileari begira, ea noiz txifloa ahoan sartu eta bukaera adierazten zuen, lasaitua hartzeko.
Luze egin ziren minutu horiek?
Bai, oso. Lehenengo zatia nahiko motza egin zen, azkar pasa zen, baina bigarren zatia, markagailua alde genuenez, oso luze egin zen. Denbora guztia erlojuari begira eta gainera epaileak zazpi minutu luzatu zituenez, are eta luzeagoa.
Liga hasiera oso ona izan zen eta bigarren itzulia ez zenuten gaizki hasi, 10-11. sailkapenean. Zer gertatu zaizue bigarren itzulian?
Egia da lehenengo itzulia oso ona egin genuela eta bigarren itzulia… [arnasa hartzen du] Ez zait gustatzen aitzakiak bilatzea, baina lesioek min handia egin digute. Jende garrantzitsua min hartuta izan dugu eta horrek moldatu arazi egin digu lana, sistemak aldatu, aldaketak egin atzeko aldea sendotzeko… Partida batzuk izan genituen nahiko jarraian gol asko jasotzen, bost Berioren kontra, lau Real Unionen aurka, sei Oñatin. Bigarren bueltan zaila izan da ekipoa aurkitzea eta errendimendu altua ematea.
Ez dakit datu hau ezagutzen duzun: 26. jardunalditik taldeak beti sailkapenean behera egin du, inoiz ez gora. Eta gora egin duen partida bakarra azkena izan da, Vasconiaren aurkakoa, momentu zailenean. Hori ere egin behar da.
Niretzat momentu klabe bat izan zen, hiru partidaren faltan etxean Antzuolaren kontra. Atsedenaldian 1-2 galtzen gindoazen eta deskantsutik bueltan hiru minututan 1-4 galtzen jarri ginen. Hor inflexio puntu bat eman zen. Pentsatzen duzu bigarren zatia oso luzea egingo dela baina ekipoak izugarrizko jarrera erakutsi zuen, 3-4 jarri ginen eta ia-ia lauko berdinketa lortu genuen. Nahiz eta partida galdu, taldearen jarrera aurrerapauso hori emateko niretzat oso garrantzitsua izan zen eta jokalariei hala esan nien. Horrelako egoera batean normalena da burua jaistea, baina kontrakoa gertatu zen.
Eta aurreko astean ere, Ondarroan, partida bukatu zenean esan nien jokalariei hori zela salbazioaren puntua —1-1 bukatu zuten eta puntu horri esker azken partida irabazita salbatuko zen taldea—. Puntu hori ez bagenuen lortzen ez zuen ezertarako balioko hemen irabaztea. Ondarroan ere galtzen hasi ginen eta taldeak aurrerapausoa eman zuen, kristoren borroka egin zuen eta merezitako saria jaso zuen. Eta bagenekien azken egunean ez genuela hutsik egingo.
Zuk beti esan duzu lortuko zenutela, mailari eutsiko zeniotela. Baina, azken minutuan Vasconiak gola sartu izan balu…
Baina horrela da futbola. Denboraldian horrelako egoera asko izan ditugu eta galtzen atera gara. Lehengo egunean seguraski ligako partida sendoena egin genuen. Beraiek ia-ia ez zuten batere aukerarik sortu. Egia da egoerak zalantzak eragiten dituela, alboko sakeren bat, kornerren bat, mugan ginela, baina ekipoa oso-oso sendo egon zen.
Jokalari askok lehertuta bukatu zuten, kalanbreekin. Zer esan zenien gero aldageletan?
Gutxi hitz egin genuen partidari buruz, jendea oso pozik zegoen, asko ospatu genuen gure artean. Hori bai, aldalekutara sartzerako orduan jokalariei esan nien kontuan hartzeko ondoko gelan Vasconiakoak zeudela eta une txarra pasatzen ariko zirela eta haien egoeran gu egon gintezkeela.
Zelaian jokalariek dena eman zuten. Egoera hauetan tentsioak asko nekatzen du, eta azken bi hiru asteetan ere bai jendea ibili da pixka bat kargatuta, buruak asko funtzionatzen duelako. Askotan gehiago izaten da neke mentala fisikoa baino. Ondarroan berdin bukatu genuen. Ekipoak ez badu gehiago egin izan da ezin izan duelako. Nahiz eta partida batzutan 4-0, 5-0 galdu etxetik kanpora, nire sentsazioa beti izan da ekipoak dena eman izan duela. Egia da 5-0 galtzen baduzu zerbait gaizki egin duzula, taktikoki edo zerbaitek huts egin duela, baina jendeak beti dena eman du.
Eta esan zenien ez duzula jarraituko entrenatzaile bezala. Noiz hartu zenuen erabakia?
Azken erabakia joan den astean hartu nuen. Taldea mantendu behar zen nik lagatzeko, bestela ez nuen ikusten momentua zela taldea jaisten bazen nik alde egiteko. Zuzendaritzak ostegunean jakin zuen eta jokalariek partida bukatuta aldagelan, jendea pixka bat lasaitu zenean.

Bere zikloa bukatu dela uste du
Duela bi urte hartu zenuen taldea, jaitsiera postuetan eta justu-justu salbatu zineten. Iaz denboraldi ona egin zenuten eta aurten berriro gaizki pasatzea tokatu zaizue, behintzat bigarren itzulian. Nekatuta bukatu duzu?
[Pentsakor] Nire ustez entrenatzailearen zikloak motza izan behar du. Azkenean bi urte eta piko egon naiz, eta niri asko eskatzen dit honek, asko bizi dut, niretzat futbola pasioa da, Hondarribia sentimendu bat da, lehen taldea ardura bat da, eta hori dena elkartzen duzunean eta bizi izan dugun egoeratan nik gaizki pasatzen dut. Eta gero, esaten dizudana, niri gustatzen zait zikloak motzak izatea, ze batek diskurtso bat du eta agortzen da, ez txarra delako, baina hainbeste aldiz berdina errepikatzean jokalariari ez dio efektu berbera egiten. Talde honetan bi urte eta erdi egon naiz baina jokalari batzuk azken sei-zazpi urtetan bost urtez egon dira nirekin, kadetetan, jubeniletan, eta nik uste gehiegi dela.
Taldea uztea erabaki dut taldearen eta nire onerako. Uste dut momentu honetan ona dela beste pertsona bat etortzea, ideia desberdinekin, jendea pizteko, egoera hauek asko nekatzen dutelako. Txarla asko dira, jokalariekin, bakarka, burua altxatzeko, animatzeko, asko nekatzen du horrek, erabateko desgastea da. Eta hainbeste pasioarekin bizitzen dut, iristen dela momentu bat nire bizitzan eragiten duela. Partida bat galtzen dugunean eta taldea gaizki ikusten dudanean hortik aurrera niretzat asteburua ez da existitzen.
Eta astean zehar ere entrenatu beharra, eta lanera joan, ze hau ez da BBVA liga…
Bai, bai, finean ni nire lanaz bizi naiz eta askotan nekatuta etortzen zara eta dena eman behar duzu, hona ezin zara etorri erdizka, horretarako nahiago dut beste pertsona bat etortzea, energia gehiagorekin. Beno, nik energia badut, baina beldurra ematen dit nire diskurtsoa pixka bat galtzea. Lehen komentatu dugu bigarren itzulia ez dela ona izan eta hor daude zenbakiak, zenbat gol jaso ditugun. Uzteko momentua dela uste dut, nire mezuak agian nekatzen duelako, ez txarra delako, ez nire entrenamenduak txarrak direlako, izan ere nire lan egiteko eran sinisten dut, baina urte asko dira eta beraientzat onena da aldaketa txiki bat egotea eta etortzea beste pertsona bat beste mezu batekin, beste futbol ideia batekin.
Elkartean, zer esan dizute?
Arazorik gabe. Nire erabaki errespetatzen dutela. Badakite nik hemen dena eman dudala, hamar urte daramat elkartean entrenatzen eta seguraski datorren urtean jarraituko dut beste ekipo bat entrenatzen, futbola gustatzen zaidalako, baina igual era lasaiagoan, lehen taldeak duen hainbesteko ardurarik gabe. Pena ematen diela esan didate, jarraitzea nahi zutela, baina erabaki pertsonala da eta errespetatzen dute.
Hori egitea, elkarteko beste talde bat entrenatzea da, nahikoa da zuk behar duzuna izateko, atseden hori, beste motibazio hori lortzeko?
Bai, ze azkenean niri asko gustatzen zait futbola, baina lehen taldea beti da ardura bat. Hondarribiak filosofia bat du, beste taldeekiko desberdina dena, eta da bertako jendearekin jokatzea, eta horrek gauza onak ditu eta gauza txarrak. Iaz hamabi baja egon ziren eta hamabi hutsune horiek betetzeko gazteak eta kadeteak igo behar izan da eta kostatu da, baina bagenekien kostatuko zela. Orain ez dakit ziur zer egingo dudan, gazteei entrenatu edo erakutsi, behetik… eta beti elkarteari laguntzeko prest.
Lehen taldeko entrenatzaile izanda badakit gustatzen zitzaizula beste taldeek egiten dutena jarraitzea, beheko mailetakoen partidetara joatea. Nola ikusten duzu harrobia?
Azkenean denetik dago, belaunaldi onak, pixka bat okerragoak, baina garrantzitsuena da haurrek kirola egitea da eta guk lagundu behar diegu, askotan 14-15 urte betetzen direnean haien bizitza nahasten delako. Aurten ere, nahiz eta lehen taldeko entrenatzaile egon, entrenamendu batzuetan lagundu dut kadeteak entrenatzen, infantilak entrenatzen. Niretzat garrantzitsua da lehen taldeak irabaztea eta mailan mantentzea, baina lehen taldearen azpitik jende asko dago, eta denak dira garrantzitsuak eta larunbatean ikusi zen klubak hori nola zaintzen duen, hemen zeuden haur denak berdez jantzita.
Lehen Erregionalekoak sekulako denboraldia ari dira egiten eta oraindik aukera dute Preferentera igotzeko.
Aurten bazegoen asmoa hilabetean behin bi taldeak elkarrekin entrenatzeko eta horrela hasi ginen, niretzat ona zen haiek entrenatzen ikustea eta beraientzat ere, motibazioa delako lehen taldearekin aritzea. Egin genituen entrenamendu batzuk elkarrekin eta oso ondo atera ziren, baina gero gure egoera txarrak baldintzatuta utzi genuen, gure gauzak landu behar genituelako.
Baina egia esan urtea oso oso ona egiten ari dira eta guk baja dezente eduki ditugu, lesio oso larriekin, eta beren laguntza izan dugu deialdiak osatu ahal izateko.
Ez dakit ze alde dagoen Erregionalean egon edo Preferenten egon, baina lehen taldearentzat bigarrena maila ona ematen egotea ona da, ez?
Egia da mailen artean diferentzia sumatzen dela, erritmoa nahiko desberdina dela. Baina beheko taldean bada jendea kapaza dena lehen taldean jokatzeko.
Arazoa denboraldiaurrean izango litzateke, jokalarien artean aukeratzeko.
Zailena hori izaten da, erabakiak orain ekainean, uztailean hartu behar dira, planifikatu. Kontuan hartu behar da jendearen lan asuntoak, lan ordutegiak, ikasketak hemen edo kanpoan egiten dituzten, eta hori da entrenatzailearentzat lan garrantzitsuena, erabakia zure taldea zein izango den.
Behintzat aurten hori ez da zure arazoa izango, zure ordezkoarena baizik?
Ez, orain ja ez [barre egiten du].

Jokalariak, zaleen babesa eskertzen
Bukatzeko, larunbateko giroaz zerbait esatea nahiko nuke. Laguntza eskatu duzuenean jendeak erantzun izan du, baina larunbatekoa izugarria izan zen, zenbat jende, zer zarata, zer giro.
Egia da neguan hirurak eta erdietan jokatzen dugunean —zelaiak argi artifizialek ez du— zaila dela etortzea eta batzuetan pena ematen du, jokalariek esfortzu handia egiten dutelako, baina zaila da neguan ordu horretan futbolera joatea. Zentzu horretan, larunbatekoa izugarria izan zen. Herrian denek ezagutzen dugu elkar eta, jokalari gehienak hondarribiarrak izanda, jendeak ulertu du egoera larria zela. Astean zehar animoak jaso genituen kaletik eta horrek asko egiten du. Larunbatean partida oso sendoa egin zuen taldeak, fuerte sartuz…
Jendeak asko bultzatzen du eta nire aldetik eskertu nahiko nuke batez ere urte guztian etortzen den jendeari, eta badago jendea Ondarroan jokatzen dugula, Aretxabaletan jokatzen dugula, eta han daudenak, taldea jarraitzen; horiek dena merezi dute. Eta larunbatean etorri zen jende guztiari ere eskerrak eman nahi dizkiet, askotan gu bakarrik ez garelako kapazak eta beraien bultzadarekin, denen artean errazagoa da horrelako zerbait lortzea.
Eta jokalariei larunbatean esan nien, beraiek nirekiko izan duten portaera beti oso oso ona izan dela, errespetu handia izan dutela niri lanarekin. Normalean dezente aldatzen dut hamaikakoa, garrantzitsua delako denak garrantzitsu sentitzea, baina bigarren itzulia ikusita taldearen egoera zein den, saiatu gara hamaikakoa errepikatzen eta jende asko geratu da jokatu gabe, edo minutu gutxi jokatuta edo konbokatuak izan gabe, eta inork ez du aurpegi txarra jarri, aldatzeko eserlekukoak izan dira lehenengoak taldea animatzen, eta hori azkenean entrenatzaile batentzat izugarria da. Nire partetik jokalari guztiei eskerrak eman nahi diet, izan duten jarreragatik.
Bultzada kanpotik ere
Larunbateko partidaren aurretik ezustekoa izan zuten jokalariek, ostiraleko entrenamenduan. Herriko hainbat pertsona ezagunen mezuak jasotzen zituen bideoa jarri zien Llorentek eta mezu horiek jasotzen zituzten kartelekin beteta agertu zen larunbatean taldearen aldalekuko horma. Entrenatzailearen eskaerari erantzunez, Aitor Kerejeta alkateak, Ion Areitio trialsin pilotuak, Mikel Orbañanos arraunlariak, Julen Aginagalde eskubaloi jokalariak, Andreu Fontas futbolariak eta Unai Emery Sevilla taldeko entrenatzaileak bideo bana grabatu zuten telefonoarekin taldeari animoak bidaltzeko eta Joseba Arozena kazetariak denak muntatu zituen, bideo bakar batean.
“Ostiralean jarri nien, larunbatean jendea oso urduri egongo zelako. Jende garrantzitsua da eta haien mezu positiboak oso inportanteak izan ziren jokalarientzat. Azkenean denak balio du helburua lortzeko”, nabarmendu du Llorentek.
Bideo horiek jokalarientzako ziren eta pribatutasun horretan mantenduko dituzte, baina larunbateko garaipena eta gero bideo erreportajea prestatuko du Arozenak eta prest duenean Interneten ikusteko aukera izango da eta horren berri emango dugu.