Andaluziako SOC sindikatuko Federico Pacheco Frias
Andaluziako SOC Sindicato de Obreros del Campo sindikatuko kidea da Federico Pacheco Frias. Urteak eman ditu Almerian (Andaluzia, Espainia) lurra lantzen duten jornalero etorkinekin lanean Pachecok, eta Elikadura Burujabetza arloko ardura du sindikatuan. Euskal Herrian dabil egun hauetan Uztaro Kooperatibak gonbidatuta. Agroekologiaren gaineko jardunaldiak antolatu ditu bigarrenez Uztarok Zarautzen, eta bertan izan da Andaluziako jornaleroen borrokaren testigantza ematen. Agroekologia eta elikadura burujabetza oinarrizkoak dira SOC sindikatuarentzat eta horren harira, elkartasuna adierazi dio sindikatuaren izenean Pachecok, Apaiziartza proiketuari. Iniziatiba garrantzitsua dela Apaiziartzakoa eta Andaluzian egiten ari direnarekin bat datorrela gaineratu du Alpujarrako (Granada, Espainia) sindikalistak. HITZArekin izan da Apaiziartzan.
Aipatu duzunez elikadura burujabetza arloko ardura duzu sindikatuan. Suposatzen dut azken horrek ekarri zaituela Apaiziartzara…
Jornaleroen borrokak eta agroekologiak ekarri ninduten hona eta bide horretan egin dut topo Apaiziartza proiektuko Josetxo Lukasekin. Gu Andaluzian egiten ari garenarekin bat dator eta zuzenean ezagutu nahi genuen proiektua eta baita babestu ere ahal dugun neurrian.
Zer aurkitu duzu Euskal Herrian? Andaluziakoa eta hemengoa oso errealitzate ezberdinak dira ezta?
Bai hala da, oso ezberdinak dira. Han lur eremu zabalak ditugu, latifundioak. Esplotazio txikiak daude bestalde, 2 eta 4 hektarea artekoak izaten dira baina oso intentsiboak, teknologia eta esku lan ugari erabiltzen dutenak, produktu kimikoak eta ura izugarri. Agrikultura industriala da, eta esku lan merkea, menpekoa, malgoa behar du… horregatik duela 20 urte baino gehiagotik inmigranteen lana baliatu dute horretarako. Hori da Andaluziako errealitatea, latifundioak batetik eta esplotazio txikiak,bestetik, baina industrialak. Eukal Herrian esplotazio txikia, mendi nekazaritza ematen da, han existitzen da baina modu marginalagoan eta ez hemen bezain garatua. Gelditzen diren adineko nekazariek mantentzen dute eta nekazari berri taldeek mantentzen dute. Beizaman izan naiz, Gipuzkoa barruan eta oso polita izan da, esperientzia asko ikusi ditugu eta arritu gaitu jende gaztea ikustea nekazaritza lanetan. Kontsumo taldeak eta banaketa zuzena ezagutzekoa aukera ere izan dugu eta hemen, Gipuzkoan oso garatuta dagoela ohartu gara.
Andaluzian bada kontsumo talderik?
Izan bada baina ez dute hemengoek duten bizitasuna. Euskal Herrian distntziak motzagoak dira, azpiegitura gehiago dago, sare sozial handiagoa… Han hiri handiak daude eta gero nekazal lurrak ditugu. Azken 20 urtean proiektu asko izan ditugu baina ekonomikoki bideragarri bihurtu direnean, ekoizleen denda egin eta ondorioz, eduki politikoa galdu du proiektoak.Hemen Euskal herrian, mantentzen da, garapen handia dago baina mantentzen da beste modu bateko nekazaritza, beste gizartea… Ez da mugatzen elikagai osasuntsuak prezio onean lortzera, harago doa.
Apaiziartza ikusi eta ezagutzeko aukera izan duzu. Zer iruditu zaizu?
Iniziatiba garrantzitsua iruditzen zaigu. Izan ere lur publikoak berreskuratzea suposatzen du, erabiltzen ez direnak, modu kolektiboan erabiltzeko. Apaiziartza proiektuak gainera eraldaketa soziala du atzean, eduki politikoa du atzean proiektuak. Eta garrantzitsua da oso, ez delako soilik lurraren aldeko borroka, baizik eta lurraren nekazaritzarako erabilera aldatzearen aurkako borroka. Nekazaritzako lurrak beste helburuekin erabiltzeko asmoari aurre egiten dio, azpiegituretarako dela, biokonbustiblea ekouzteko dela, eraikuntza dela… hemen (Apaiziartza eremuan) zeuden proiektuak kontuatan hartuta iniziatiba garrantzitsua da. Kapitala eta espekulazioaren indarraren kontra egiteko modurik egokiena lurra lantzea da, eta horretan ari dira hemen. Apaiziartzakoa hortaz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu eta bertan gertatzen ari dena zabaldu beharra dagoela uste dut gainera. Gure proiektu lurraren industrializazioaren kontra dago, oinarrizkoa da elikadura burujabetzaren kontzeptua, ekologikoa, agrarioa da, baina kontzeptu politiko eta soziala du gainera. Herriek beraien elikadura izateko eskubidea behar dute izan, hura lantzeko, eta jan nahi dutena erabakitzeko. Elikaduraren Oinarria herrien esku egon behar du, horrenbestez,ez da estatuen kontua, herri edo eskualdeena baizik, eta hori da guk bilatzen dugun nekazaritza, eskala txikikoa, familia artekoa, edo kooperatiboa eta banaketa nagusia lokala izango duena.