Aitzol Gogorzaren etxeratzea eskatzeko sinadura bilketa, ostiralean
Larri gaixo dagoen Aitzol Gogorza euskal presoaren etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea eta sinadura bilketa egingo dute ostiral honetan, hilak 30, 12:00etan, anbulatorioan.
Ildo horretatik, nazio mailako manifestazioa egingo dute larunbatean gaixo dauden presoen salbuespen egoerarekin amaitzeko, eta bertan ere sinadura bilketa egingo dute. Manifestazioa 12:30ean abiatuko da Ondarroako zumarditik.
Salbuespen neurriekin bukatu beharra dagoela adierazi du LABek, eta batik bat Aitzol Gogorza gaixo dagoen presoari babesa eskaini dio.
Sindikatuak jakinarazi duenez, Gogorzaren muturreko egoeraren aurrean, hura ezagutarazi eta amaitzeko herritar talde bat elkartu da, “bizi duen egoera larriaren berri eman eta konpromiso zehatza eskatzeko”.
Nahasmen obsesibo konpultsiboa du Gogorzak, eta 1999an espetxeratu zutenetik gaixotasuna larriagotu egin zaio. 2011ko azarotik Basauriko espetxean dago.