Toki Alaiko ikasle solidarioak
Toki Alai ikastetxeko DBHko 2. mailako ikasleak zenbait elkartasun proiektu garatzen ari dira ikasturte honetan zehar, Hiritartasun irakasgaia medio. Elkartasunaren inguruko zenbait hitzaldi eta lan egin dituzte ikasleek, eta orain, proiektu solidarioei heltzeko unea iritsi da. Elikagai bankuan laguntzea edo odol emaileen alde informazioa banatzea dira besteak beste ikasle gazteek garatutako ekintzak. Proiektu honen nondik norakoak Plaiaundi institutuan aurkeztu dituzte gaur goizean solidario gazteek.
Hala, Irungo zazpi supermerkatu ezberdinetan izan ziren ikasleak elikagaiak biltzen iragan ostiralean, “elikagaien bankuarekin kolaboratzeko, elikagaien bilketan parte hartuz”, azaldu dute ikastetxetik.
Horrez gain, maiatzaren 29an ostegunarekin odol bilketan parte hartuko dute ikasleek. Izan ere, odola emateko kanpainaren autobusa Zabaltza plazan izango da ostegun goizean, kolaboratu nahi duten lagunek odola eman dezaten. Toki Alaiko ikasleak ere bertan izango dira, triptikoak banatzen eta kanpainaren nondik norakoak jendeari azaltzen.