Vasconiaren kontrako partida irabazi eta maila mantendu eta gero, Ohorezko Mailako taldea entrenatzeari utziko dio. HITZAri emandako elkarrizketan azaltzen ditu arrazoiak. Bihar argitaratuko da elkarrizketa hondarribia.hitza.info webgunean.
Llorente larunbatean, garaipenaren ondoren zaleei eskerrak emanez
Ligako azken partidan mailari eustea lortu eta gero, HITZAri elkarrizketa eskaini dio Mikel Llorente Hondarribia Futbol Elkarteko (HFE) lehen taldeko entrenatzaileak eta bertan jakinarazi du datorren urtean ez duela taldea entrenatzen jarraituko. “Uste dut niretzat eta elkartearentzat erabaki onena dela”, esan du. Bihar
hondarribia.hitza.info webgunean azalduko den elkarrizketan ematen ditu Llorentek bere erabakiaren arrazoiak.
Jokalariei eskerrak eman die Llorentek, “nirekin izan duten errespetuagatik”, eta zaleei ere: “bereziki urte osoan taldearekin egon direnei, horiei batez ere, baina baita ere larunbatean Hondartzako harmailak bete zituztenei”. Mila lagun inguru hurbildu ziren larunbatean Hondartza futbol zelaira, Hondarribiak Vasconiaren kontra jokatu zuen partida erabakiorran herriko taldea animatzera.
Hondarribiko futboleko lehen taldeko entrenatzaileak joan den astean hartu zuen taldea uzteko erabakia eta ostegunean futbol elkarteko arduradunei jakinarazi zien. Esan zien mila galduz gero jarraituko zuela, baina, garaipena lortu eta taldeak Ohorezko Mailan jarraituko balu, gertatu zen bezala, postua utziko zuela. Jokalariek, partida irabazi eta gero jakin zuten entrenatzailearen ahotik bere erabakiaren berri.
Futbol elkartean organigrama teknikoa moldatu beharko dute heldu den denboraldiari begira baina litekeena da Mikel Llorentek beheko mailetako talderen batean entrenatzen hastea. Hala onartu du berak bihar Hondarribiko Hitzak argitaratuko duen elkarrizketan.