Irungo Udalak 3,4 milioi euroko kreditu aldaketa aurkeztu zuen iragan hilabetean,
2013. urteko likidazioa egin ondoren. Kreditu modifikazio horri esker, zenbait proposamen egin zituzten udal talde ezberdinek, nahiz eta tokiko gobernuaren jarrera “
itxia” salatu zuen Xabier Iridoy EAJ udal taldearen bozeramaileak. Zentzu horretan, tokiko gobernuaren “jarrera aldaketa” sumatu duela azpimarratu du Iridoyk eta “egindako kritikek beren eragina izan dutela”, gaineratu du. Ildo horretatik, zenbait proposamen berri egin dituztela jakinarazi du bozeramaile jeltzaleak, eta horiek mahai gainean daudela Udalbatzak eztabaidatzearen zain.
Hala, lehenik eta behin, Landetxa-Katea auzoko eremu bat estaltzeko 55.000 euroko partida proposatu dutela jeltzaleek adierazi du. Negoziatutako bigarren ekarpena, Luis Mariano adinekoen gizarte zentroan terraza bat egiteko azterketa abiatzea eta proiektua garatzea da. Bide batez, soinketarako makinak eta eserlekuak jartzeko eskaria ere luzatu dute jeltzaleek. 15.000 euroko partida proposatu du Iridoyk horretarako.
Belaskoenea, Gaztelu Zahar eta Artaleku
Xabier Iridoy jeltzaleen bozeramaileak beste zenbait ekarpen mahaigaineratu dituela jakitera eman du: Belaskoeneako San Antonio de Padua parke ondoko aparkalekua eta Gaztelu Zaharreko bidearen zabalpena, hain zuzen ere. Lehenengo proposamenaren kasuan, aurreikusitako petanka eremua egin ondotik aparkalekua falta dela gogora ekarri du. Izan ere, kreditu aldaketan aurreikusten ez den esku hartzea dela salatu du eta 25.000 euroko partida bideratzea proposatu duela azaldu du.
Gaztelu Zaharreko bideari dagokionez, kreditu aldaketa honetan partidarik bideratuko ez dela adierazi du, baina “Zaisarekin eta bestelako jabeekin lurzoruaren kudeaketarako negoziazioa hasteko konpromisoa” hartu duela udal gobernuak nabarmendu du.
Bukatzeko, Artaleku eta Luis Mariano lotuko dituen igogailuaren proiektuarengatik bere “poza” argi utzi nahi izan du bozeramaileak.