EAJk irabazi du nabarmen Hondarribian. Jeltzaleek 1.906 bozka lortu dituzte, 2009an baino 160 gehiago. EH Bildu izan da bigarren baina ia 200 boto galdu ditu. PSOE hirugarren geratu da eta Podemosen hautagaitza laugarren indar bezala agertu da.
Hondarribian Euzko Alderdi Jeltzalea izan zen jaun eta jabe atzo egin ziren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Jeltzaleek 1.906 boto lortu zituzten (%36,58); 2009an, 1.746 boto eskuratu zituzten, %36,47arekin. Alderdi txikien uholdeari eutsi egin dio herriko EAJk eta Izaskun Bilbaoren hautagaitza izan da herrian bozetan eta portzentajean behera egin ez duen alderdi handi bakarra.
EH Bildu izan da bigarren indarra Hondarribian, 1.186 botoekin (%22,76). Herrialdeko gainontzeko udalerrietan ez bezala, atzerakada nabarmena izan du koalizio independentistak, 2009an Iniziatiba Internazionalistak eta EA-Aralarrek batu zituzten botoekin alderatuta, ia 200 bozka galdu dituelako. Dudarik gabe, zinegotzien aferak ez dio mesederik egin EH Bilduri eta asko dira Herriek Erabaki hautagaitzari babesa ez ematea erabaki duten ezker abertzalearen bozkatzaileak; gehiegi kontuan izanik Europako hauteskundeak zirela.
PSOEk ozta-ozta eutsi dio hirugarren postuari, bozen ia erdia galduta. 482 boto lortu dituzte (% 9,25). Podemos fenomenoa indartsu azaldu da Hondarribian ere, eta laugarren alderdi bezala ageri da zenbaketaren ostean; Pablo Iglesiasek buru duen hautagaitzak 405 sostengu izan ditu herrian (%7,77)eta, besteak beste, PPk, IUk eta UPyDk baino boto gehiago lortu ditu Podemosek. 379 botoekin, PP izan da bosgarren (%7,27), 2009an baino 12o bozka gutxiago jasota.
Hondarribiko hautes-lekuetan botoen %1a baino gehiago lortu duten beste alderdiak IU, UpyD eta Equo izan dira. Leku gehienetan bezala, abstentzioa oso altua izan da Hondarribian ere: %59,93. Duela lau urte, baina, gehiago izan ziren bozkatu ez zutenak, zentsoaren %62,53.
Jarraian Hondarribiko alderdi nagusiek lortutako emaitzak, eta parentesi artean 2009 urteko emaitza:
- EAJ: 1.906 (1.746)
- EH Bildu: 1.186 (1.370)*
- PSOE: 484 (914)
- Podemos: 405
- PP: 379 (491)
- IU: 218 (57)
- UPyD: 153 (62)
- EQUO-PUM+J: 90
* IIEH eta EA-Aralarren botoen batuketa.