Bilduk HAPOari buruzko bilera irekia egingo du asteazkenean
Hondarribiko Bilduk bilera irekia egingo du asteazkenean udaletxean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraz hitz egiteko. Ostegunean egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko dute HAPOaren gainean eta Bilduren udalgintza taldeak herriko sektore desberdinen iritzia jaso nahi du aurretik: “Garrantzi handia eman nahi diogu gai honi, aurkezten zaigun plan orokor honek hurrengo hamar urtetan herriaren perfila definituko duelako eta horrenbestez ezinbestekotzat jotzen dugu herriko sektore ezberdinen parte hartzea Plan honen osaketan”.
Asteazkenez, hilak 28, egingo dute bilera udaletxeko areto nagusian eta herritar guztiak deitu dituzte bertara. “Bilera-aurkezpen honen helburua litzateke alde batetik aurkezten zaigun plan orokor honen inguruko gure iritziak herritarrei helaraztea eta beste aldetik, herritar, elkarte eta eragile ezberdinon kezkak, iritziak eta proposamenak jasotzea”, esan du Bilduren udalgintza taldeak.