
120 akordeoilari elkartu dira Santiago kalean
Hondarribiko Portura iritsi da Donostiako Olatu Talka. 2016Ko Europako Kultur Hiriburutzari lotuta Olatu Talka egiten ari dira asteburuan Donostian eta hainbat herritan eta Hondarribia da ekitaldi gehien jasoko dituen herrietako bat. Batetik, 2016an egingo den Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren aurrekari bezala Txingudi Jaialdia antolatu dute Bidasoko eta Gipuzkoako Musika Eskolek.
Eta, bestetik, Hondarribia Dantzan ospatzen ari dira asteburuan. Kemen eta Adaxkako dantzariez gain, Lizartzako, Biasteriko eta Iruñeko dantzariek hartuko dute parte gaur eta bihar antolatuko diren ekitaldietan. Bai, Hondarribia Dantzan, baita Txingudi jaialdia ere, Olatu Talkaren egitararen barruan kokatzen dira.

Goizez Portuan izango da musika
Txingudi Jaialdiak musikaz beteko ditu gaur Hondarribiko Portua, goizez, nahiz Alde Zaharra, arratsaldez. Hondarribikoak antolatuta eta Gipuzkoako hainbat musika eskolen laguntzaz, 120 akordeoi gazteren topaketa egin dute Santiago kalean. Leku berean, trikitixek hartuko dute gero akordeoien lekua eta Banynolesko (Girona, Herrialde Katalanak) ikasleek kontzertua emango dute 13:00etan. Arratsaldean Arma Plazara mugituko da jaialdia eta 20:00etan emango zaio amaiera, Aulodia Oboe Ensemble taldeak Erreginaren Baluartean emango duen kontzertuarekin.