Zenbait emanaldi burutuko dituzte musika ikasleek asteburuan
Irungo Udal Musika Kontserbatorioko eta Udal Musika Eskolako ikasleek hainbat musika saio eskainiko dituzte gaurtik igandera bitartean. Lehenik eta behin, Erain ikastetxeko perkusio ikasleen emanaldia izango da gaur, eskolak berak antolatutako kontzertu didaktikoen zikloaren barruan.
Horrez gain, lau emanaldi burutuko dituzte kontserbatorioko ikasleek larunbatean, Hondarribian, Donostian eta Irunen bertan. Hala, akordeoi, oboe eta fagot taldeak Hondarribian ariko dira; eta Julio Bravok zuzendutako soka orkestra bere aldetik Donostiako Zorroaga egoitzan eskainiko du emanaldia.
Saxofoi taldeak bestalde, Txingudi Jaialdiaren barruan antolatutako topaketan parte hartuko du. EAEko hamar eskola ezberdinetako saxofoi ikasleak Irunen zehar ibiliko dira eta topaketa erraldoia egingo dute 13:00etan, San Juan plazan.
Amaitzeko, kontserbatorioko trikikitixa ikasleak Anaka-Puiana auzoko jaietan emanaldia burutuko dute, Iñaki Aranaga irakasleak lagunduta.
Bestalde, musika eskola eta kontserbatorioko aurre matrikulazio epea dagoeneko ireki dutela jakinarazi dute udal gobernutik. Ekainaren 6ra arte egin ahal izango dute lehen izen ematea interesa duten lagunek, kontserbatorio edo musika eskolan bertan.