PSE-EEk Antxoko Biteri plaza "bizi-gune zentral gisa" berreskuratu nahi du
Mozio bat aurkeztu du, udalari ideia lehiaketa bat dei dezala eskatuz.
PSE-EEren arabera Biteri plaza “funtsezkoa” da Antxorentzako. Ingurunea berritzeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak zuten hitzarmena bertan behera gelditu zenez geroztik, plazaren etorkizunaren gaineko eztabaida “hilik” dagoela uste du PSE-EEk eta eztabaida horri bultzada eman asmoz, mozio bat aurkeztu dute udalean, gobernu taldeari ingurunearen urbanizaziorako ideia lehiaketa bat deitu dezala eskatuz.
Zehaztu dutenez, aipatu mozioan eskatu dute ideia lehiaketara aurkezten direnek bi proposamen egin ditzatela: bata udalerriaren planeamenduan jasotako diseinuaren araberakoa, eta bestea, izaera librekoa.
PSE-EEren arabera, iniziatiba honen bitartez udalak jakin dezake proposatutako diseinuen artetik zein duen babes gehien herritarren artean. Horrez gain, Plaza Biteri berria proiektu baten bidez nolakoa izango den definitzea finantzazioa bilatzeko lagungarri izan daitekeela iritzi dio Pasaiako PSE-EEk.