Irudian, Urdanibia plaza, Carlos Las Herasen margolanetako bat
Carlos Las Heras margolariaren erakusketa inauguratuko dute bihar arratsaldean Amaia KZn (19:30). Natura izango da margolanen ardatz nagusia hori baitzen artistak gustukoen zuen gaia, beti ere, haren ikuspuntu berezitik. Denera, 30 bat koadro erakusgai jarriko dira. Erakusketa ekainaren 8ra arte zabalik egongo da Amaiaren erakusketa aretoan; asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
1936. urtean jaio zen Las Heras Decazevillen (Okzitania). Gaspar Montes Iturriozen eta Ana Izuraren eskutik jaso zituen Las Herasek margo tekniken gaineko lehen eskolak. Hainbat lehiaketetan parte hartu zuen margolariak bere ibilbide profesionalean zehar, eta zenbait diploma ere eskuratu zituen tartean, 1992ko Adur-Bidasoa pintura lehiaketaren finalistarena. Haren 50. urteurrenean Irungo Atsegiñan bere margolanak erakusgai jarri zituen artistak. 1998an Irungo Amaia KZn eta Hondarribiko Movellan galerian abiatu zituen erakusketak. Horrez gain, Otzazki Bidasoko margolarien elkartearen sortzaileetako bat izan zen. 2008an Amaian egindako azken erakusketa burutu zuen margolariak,
Zuhaitzak izenburupean. 2011ko martxoaren 22an zendu zen artista.