
Apaiziartzaren aldeko eragileen agerraldia
“Apaiziartzako lurrak berreskuratu eta proiektu kolektibo honek aurrera egingo du”. Hala adierazi dute Apaiziartzako kideek gaur goizean Gurutze Santuaren Plazan eta askotariko eragileek babestuta egin duten agerraldian. Salaketa publikoa egitea erabaki du Apaiziartzak azken hilabeteetako eraso eta mehatxuak salatzeko, eta bide horretan, AHTaren kontrako Donostia, Oarsoaldea eta Bidasoako taldeen, Oarso Taldearen eta sindikatuen, Basherri sarearen, Iñaki Lazarobaster EH Bilduko parlamentariaren eta kontsumo taldearen babesa jaso du Lezoko proiektuak.
Guztiek eskatu dute proiektuaren kontrako erasoak eteteko, baita mehatxuak ere. AHTaren aurkako taldeek Apaiziartzako baserriko lurrak lantzen dituen taldeari elkartasuna adierazi diote: “Taldearen helburuetako bat beti izan da Gaintxurizketako baserri lurrak proiektu txikitzaileetatik defendatzea. Izan ere, Gaintxurizketan garraioen zerbitzurako poligonoen hedapen bortitza planeatu zuen aurreko foru aldundiak, Jaizkibelgo superportuarekin batera eta Eusko Jaurlaritzak Abiadura handiko Trenaren egitasmoari loturiko plataforma logistikoa eraikitzeko asmoa du bertan”. Hori gutxi balitz, Gaintxurizketan azken urte hauetan orotara 200 hektareako parke logistiko industrial baten ezarpena aurreikusi zutela Donostialdea, Bidasoa-Behea Zatikako Lurralde Planean edota Donostia Baiona Eurohiriaren azpiegituren arloko egitasmoek, salatu du AHTaren aurkako taldeen izenean mintzatu den lagunak, “horrek aurrera egingo balu, nekazaritzako ingurune baliotsu horren suntsipena eta hogei bat baserriren suntsiketa ekarriko luke”.
Etxebizitza eta langabeziaren arazoei erantzuten dien proiektua
Oarso Taldeak eta sindikatuek berriz, etxebizitza eta langabeziari aurre egiteko proiektua dela Apaiziartzakoa esan dute. “Poroiektu honek lanpostuak sortu ditu eta etxebizitzaren arazoari ere aurre egiten dio. Proiektu interesgarria da, eta egun bizi dugun errealitate soziala ikusita, itxaropena sortu eta konponbidea ere suposatzen du. Beste eredu soziala beharrezkoa dela eta posible gainera esaten dugunean hau adibidea da”.
Basherri sareak ere Apaiziartzari babesa adierazi eta proiektuaren alde egin du gaurko agerraldian. Hiru kontsumo talde funtzionatzen dutela elkarlanean nabarmendu du Basherriko kideak, Mitxintxola, Larraka eta Ximaurre eta egin duten lana oso garrantzitsua dela gaineratu du, “batez ere nekazal produktuak merkaturatzeko modu alternatibo honen bitartez”. Babesa erakutsi die Basherrik hiru kontsumo taldeei eta salaketa ere egin du. Gaintxurizketa inguruan elkarte “fantasma” sortu dela esan du, “beraiekin harremanetan jarrita ohartu garelako elkarte horren atzetik ez dagoela ekoizpenik, produktu ekologikoak saltzen dituela esaten dute baino gero ez dagoela halako elkarterik salatu nahi dugu”.
Azkenengo 30 urte hauetan Hego Euskal Herrian egon diren nekazaritza politikek lau baserritarretatik hiru desagerrarazi dituztela salatu du bere aldetik Iñaki Lazarobaster EH Bilduko parlamentariak, “beste sektore ekonomiko batzuen interesak nagusitu egin direlako. Lehen sektorearen gainbehera ikaragarria agerian dago”. Oarsoaldearen kasuan, beste sektore ekonomikoek lurra maila handi batean artifizialdu dutela esan du Lazarobasterrek, eta horretan jarraitzeko asmoa dagoela nabarmena dela salatu du, “superportua, edo plataforma logistikoa, eta beste azpiegitura batzuekinbatera”. Apaiziartza proiektu kolektiboa elikadura burujabetzaren bidean proiektu interesgarria dela gaineratu du EH Bilduko parlamentariak eta defendatu beharra dagoela. Horrenbestez proiektuaren kontrako erasoak gelditzeko galdegin du eta bbesa erakutsi dio Apaiziartza proiektuari.
Larunbatean herri landaketa
Apaiziartza proiektutik deialdia ere egin dute etzirako. izan ere, herri landaketa egingo dute eta horretarako 11:00etan gelditu dira Apaiziartzan bertan eta ordubete lehenago Txerrimuñon elkarrekin joateko. Azken hilabeteetan izandako erasoen ondorioz ezin izan omen dute landaketarik egin: “Besteak beste untxiak askatu dituzte gure baratzak jateko, itxiturak apurtu, edo atakak ireki ondoko larretan izaten diren ardiak sartu daitezen”. Ekimen horren bidez Apaiziartzako lurrak berreskuratu nahi dituztela esan dute eta lur horiek lantzen jarraitzeko asmo irmoa erakutsi dute Horren harira, herritar guztiak deitu dituzte deialdiarekin bat egin eta proiektuari elkartasuna adieraztera.