Europako Kultur Hiriburutzari lotuta, 2016an Europako Musikari Gazteen Jaialdia egingo dute. 10.500 musikari, 26 naziotako 420 musika talde eta mila ekitaldi baino gehiago bilduko ditu jaialdiak urte horretan eta, hori guztia gauzatu ahal izateko Donostiatik kanpo 70 mikro-egoitza baino gehiago lortu nahi dituzte Euskal Herrian. Hondarribia izan da hitzarmena sinatu duen lehena.

Kultur Etxean egin dute Txingudi jaialdiaren aurkezpena
2016an Europako Musikari Gazteen Jaialdia egingo dute Donostian. 10.500 musikari, horietatik 2.500 Euskal Herrikoak, 26 naziotako 420 musika talde eta mila ekitaldi baino gehiago bilduko ditu jaialdiak urte horretan eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin bat egingo du. Hori guztia gauzatu ahal izateko Donostiatik kanpo 70 mikro-egoitza baino gehiago lortu nahi dituzte Euskal Herrian eta Hondarribia izan da horietatik hitzarmena sinatu duen lehenengoa.
Hondarribia izango da Europako gazteen topaketako lehen mikro-egoitza eta izendapen hori estreinatzeko aukera izango du ostiralerako, eta batez ere, larunbaterako antolatuko duten Txingudi Jaialdian, 2016an egingo den ekitaldirako mikro-laborategia izan nahi duena. Musika irakasteko sistemaren gaineko gogoeta egingo dute ostiralean Kultur Etxean eta, larunbatean, dozenaka musikari aterako dira kalera Hendaiako Gaztelu Zaharren, Irungo Zabaltza Plazan eta Hondarribiko hainbat lekuetan jotzeko.
Irun eta Hendaiako ekitaldiak goizez bakarrik izango dira baina Hondarribikoak, goiz, arratsalde eta arratsean. Gainera, beste bi herrietan ez bezala, Euskal Herritik kanpoko musikariak joko dute Hondarribian, Kataluniako Banyoles (Girona) eta Altafulla (Tarragona) herrietako musika eskolakoak, hain zuzen ere.
Txingudi jaialdia, gainera, astebururako Donostia 2016ari lotuta Gipuzkoako hainbat herritan prestatu duten Olatu Talkaren egitarau zabalaren barruan kokatzen da eta, horri guztiari, Olatu Talkaren barruan ere egingo den Hondarribia Dantzan gehitu behar zaio. Dudarik ez da kultur olatuak gogor astinduko duela asteburuan Hondarribia.
Txingudi Jaialdia. Hondarribiko ekitaldiak
Ostiralean
- 08:00etatik 14:00etara, Euskadin musika irakasteko sistemaren etorkizunaren inguruko gogoetak goiburuko jardunaldia, Kultur Etxean.
Larunbatean
- 11:00etan, akordeoi taldearen kalejira, Santiago kaletik abiatuta.
- 11:30ean, akordeoi topaketa, Santiago kalean.
- 12:00etan, trikitixa taldearen kalejira, Arma Plazatik abiatuta.
- 12:30ean, trikitixa topaketa, Santiago kalean.
- 13:00etan, Banyolesko Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertua, Santiago kalean.
- 17:00etan, Altafullako Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertua, Arma Plazan.
- 18:00etan, Body percusion jarduera, Antonio Domingok zuzenduta, Arma Plazan.
- 19:00etan, helduen musika taldeen topaketa, maite Lasaren zuzendaritzapean, Arma Plazan.
- 20:00etan, Aulodia Oboe Ensemble, Erreginaren Baluartean. Zuzendaria: Jacky Morel.