Partaidetzazko aurrekontuak medio, 'ongietorria' eman dio Bilduk udalari
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Partaidetzazko aurrekontuen aurrean “Irungo Udal Gobernuak izan duen jarrera aldaketari ongietorria” eman dio Bilduren Udal Taldeak. “Erantzukizunez eta arduraz jokatzen duen gobernu baten aldetik ezin da beste jarrerarik espero”, gaineratu dute abertzaleek.
Partaidetzazko aurrekontuak izeneko egitasmoaren bidez 500.000 euro non inbertitu erabaki dute Bidasoaldeko bizilagunek. Oarsoaldean, Tolosaldean eta Urola Erdian ere garatuko dute parte hartze prozesua, eta denera, 2 milioi euro bideratuko ditu aldundiak horretarako. Horiek horrela, parte hartze tailerrak eta proposamen indibidualak egiteko bideak dagoeneko martxan dira gainontzeko eskualdeetan, ez ordea Bidasoaldean.
Gogora ekartzekoa da, hasiera batean desadostasunak sortu zirela aldundiaren eta tokiko gobernuaren artean. Bilduren arabera, horri aterabidea ematen saiatu zen diputazioa: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte Hartze saileko Zuzendariak eta Foru Aldundiko Ogasun Diputatuak egindako deiak asko izan dira aste hauetan, baina ez dute Pedro Alegre Irungo Parte Hartze delegatuaren, ez eta Jose Antonio Santano alkatearen aldetik erantzunik izan. Datu garbiak”.
Udalaren jarrera aldaketa txalotu nahi izan du Bilduren Udal Taldeak halere: “Berandu bada ere, ongi etorriak! Pozten gara”. Desadostasunen gainetik tokiko gobernuan aldaketa eman dela onartu dute abertzaleek. Hala, “aldunditik eskatzen diren bost guneetatik soilik bi eskaintzen badira ere, Irungo udal zigiluaren erabilera ukatzen bada ere, eta egitasmoaren aurkezpen prentsaurrekoan foru aldundiko kideekin batera parte hartzeari udal gobernu honek uko egiten badio ere, norabide zuzenean jarrera aldaketa bat ikusi eta onartzen dugu”, gaineratu dute.