Bilduk "herritarrak ez nahasteko" eskatu die oposizioko alderdiei
Oposizioko taldeek “boto gosea” dutela eta Europako hauteskundeen atarian “gezurrez jositako ohar andana” prentsara bidaltzen dabiltzala salatu du Pasaiako EH Bilduk.
Hondakinak atez ate biltzeko sistema ezarri izanagatik, Donibanen eta Antxon “lasaitasuna nagusi” dela adierazi du Bilduk. “Oposizioak, boto paper bila aritu beharrean, arduratsu jokatuko balu, herritarrak zoriondu egin beharko lituzke”, adierazi dute.
Udalak bilketaren gainean zabaldutako datuak zalantzan jarri dituztelako kexu agertu da Bildu, eta bereziki deitoratu ditu Denis Itxasok gaiaren harira prentsan esandakoak. San Markoko Mankomunitateak Antxoko Eskalantegi kalean hondakinak bi eta hiru aldiz jaso behar izan dituela adierazi du Denis Itxasok hedabideetan, eta adierazpenak gezurtatu ditu Bilduk. “Donostiako Udalak Pasaiako Udalari birritan adierazi dio, Eskalantegi kaleko bilketaren kopuruan aldaketarik ez dela egon” nabarmendu du Bilduk. FCCko arduradunek ere, kale horretako bilketan aritu diren kamioien pisatze berezia egin dutela eta aldaketa nabarmenik ez dela egon adierazi omen dio Udalari.
EAJri eskaera
Bide batez, EAJri eta bere bozeramaile Nahikari Otermini lasaitasunaz eta arduraz jokatzeko eskatu die Bilduk. Alkateari konfrontazio bila aritzea leporatu diote jeltzaleek, eta leporatutakoa ez da Bilduren gustukoa izan. “Nork egingo horrelako adierazpena eta Pasaiaren interesak defendatzeko adore gutxien azaltzen duen zinegotzietako batek”, salatu du Bilduk. Otermin Portuaren aginduetara aritzea leporatzen dio Bilduk, eta “Arizabalon gauza bat esan eta, udaletxearen pare-parean dagoen bulego batetik belarritik tira egin ondoren, kontrakoa esanez” itzultzea leporatzen diote. Izan ere, oposizioko talde guztiek Portuarekin harremanak etetea adostu arren EAJk Portuarekin harremanetan hasiko zela iragarri baitzuen bozeramaile batzordean. Udala bere eskumenaren defentsan ari dela esan dio Bildu Otermin bozeramaileari, eta pasaitarren ordezkari edo Portuaren ordezkari den galdetu diote.