
Franco Ogasun diputatua eta Ruiz de Larrinaga Parte Hartze zuzendaria aurkezpenean
Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatutako
Partaidetzazko aurrekontuak ekimena Bidasoaldera iritsi da, eta 500.000 euro zertan inbertitzeko proposamenak egiten has daitezke dagoeneko bertako herritarrek. Oarsoaldean, Tolosaldean eta Urola Erdian ere garatzen ari dira parte hartze prozesua eta denera, 2 milioi euro bideratuko ditu diputazioak horretarako.
Horiek horrela, hasierako desadostasunak gainditu dituzte Bidasoaldeko udal gobernuek eta aldundiak, eta tailerren data zehatzak argitara eman dituzte dagoeneko. Izan ere, ekarpenak egiteko bi bide ahalbidetu ditu aldundiak; bata indibiduala, eta bestea, komunitarioa. Hala, norberak bere proposamenak egiteko
internet bidez edo etxera iritsitako eskuorria betez eta herrian zehar sakabanatutako postontzietan utziz egin dezakete. Bigarren bidearen arabera, proposamenak era kolektiboan egiteko parte hartze tailerrak antolatu ditu aldundiak, Irunen zein Hondarribian.
Ekarpenak egiteko garaian, hiru irizpide hartuko dituzte kontuan: eskualde osorako mesedegarria izatea; aldundiaren eskumenekoa izatea; eta ahalik eta zehatzenak izatea. Guztira, lau epetan garatuko dute prozesua, baina momentuz, ekainaren 8ra arte proposamenak egiteko bideak zabalik egongo dira.
Tailerrak
- Maiatzak 27: Hondarribiko Zuloaga Etxean, 19:00etan.
- Maiatzak 28: Larreaundi, Olaberria, Lapitze eta Belaskoeneako bizilagunentzako partaidetzazko tailerra Gordailuan (Auzolan kalea, 4), 19:00etan.
- Maiatzak 29: Katea-Landetxa bizilagunentzako tailerra, Elatzeta ikastetxean, 19:00etan.
- Ekainak 2: Behobia, Artiga, Meaka eta Arbesko bizilagunentzako tailerra Toki Alai ikastetxean (eraikina zehazteke), 19:00etan.
- Ekainak 3: Dunboa, Santiago, Beraun, Alde Zaharra eta Zentroko auzokideentzako tailerra Ospitale Zaharrean, 19:00etan.
- Ekainak 5: Anaka-Puiana, Urdanibia Berri, San Migel eta Pinudi-Antzarango bizilagunentzako tailerra, Mondragon Unibertsitatearen kanpusean (Ducourau jauregia), 19:00etan.
- Ekainak 18: Bidasoa eskualdeko bilera Amaia Kultur Zentroan (ordua zehazteke).