Oiartzungo Udalak eta Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilguneak herritarrei eskatu diete hizkuntza paisaiaren normalizazioan eragile aktibo izan daitezen. Oiartzuarrei dei egin diete merkatari edo ostalariren batek zerbitzua euskaraz eskaintzeko hutsuneren bat badu, hori merkatariari edo ostalariari jakinarazi diezaiola, eta Ttur-tturrek eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman diezaiola; euskararen normalizazioaren bidean lanean ari den teknikaria establezimenduarekin jarriko litzateke harremanetan kasu horretan, aukeran dituen baliabideen berri emateko. Herriko hizkuntzaz paisaian eragiteko neurria da.
Izan ere, udalak eta Ttur-tturrek uste dute herriterren gehiengoak, belaunaldi berriek batik bat, euskaraz jarduteko ondo prestatuak daudela eta horren erabilera komertzio eta ostalaritzan ere eskatzen dutela. Horrela, euskararen presentziak establezimenduari kalitatea ematen diola uste dute, “besteak beste, bezeroarekiko errespetua erakusten duelako”.
Honakoak dira baliabide horiek:
- Itzulpen eta hizkuntza aholkularitza zerbitzua: testuen zuzenketa eta itzulpena koloretako paper diseinatuetan maketatuta.
- Informazio oharrak: establezimenduaren atean jartzeko oharrak, Zabalik-itxita, Oraintxe nator gisakoak; txartelak, Merkealdia, Eskaintzak, Lehen/orain bezalako mezuekin; eranskailuak Hemen euskaraz egin dezakezu edo Jatetxe honetan euskaraz argibideekin; talonarioak: fakturak, entrega agiriak, baleak eta ordainagiriak; sektoreko hiztegia.
- Euskara eskolak: merkatariei eta ostalariei zuzendurikoak.
- Diru laguntzak: errotuluak euskaraz jartzeko, poltsen testua euskaraz jartzeko, euskara ikasteko.
Baliabide horiek Oiartzungo Udalak eta Ttur-tturrek duten hitzarmenari esker daude martxan, eta jada herriko establezimenduek gutun baten bidez horien berri jaso dute. Hala ere, baten batek hori jaso ez balu, horien berri izateko bide hauek erabili ditzake Ttur-tturekin harremanetan jartzeko:
Aurrez aurre: Fermiñene Etxean (Aialde kalea 2, 1. solairua)
Telefonoz: 943 26 01 82ra deituz.
Posta elektronikoz:
merkatariostalari.tturttur[a bildua]gmail.com-era idatzita.