II. Bertso Aroa antolatu du Bixi-Bixi elkarteak
Bertsolaritzak protagonismo berezia bereganatuko du datozen egunotan Pasai Donibanen, Bixi-Bixi elkarteak antolatutako II. Bertso Aroari esker. Hiru ekitaldi iragarri dituzte, eta lehenbiziko biak aste honetan bertan izango dira, ostiralean eta larunbatean. Hirugarrena eta azkena, berriz, hilaren 31n. Haurrei begira antolatu dute lehen jarduera. Ostiralean, 17:30etik aurrera Galtzagorriei to, Inazito aurkeztuko dute Bizkaia Plazan. (Eguraldi txarra egingo balu, zineman). Jolasa eta bertsoak uztartzen ditu euskal mitologiako pertsonaia ezagunekin eraikitako istorioak.
Larunbaterako iragarri duten ikuskizunean, aldiz, Irlandako doinuak eta bertsoaren bat-batekotasuna uztartzen dira. Bertso Tabern, inprobisazioa garagardo bitsetan ikuskizuna Alabortzako kantinan aurkeztuko dute, 20:00etan. (Eguraldi txarra egingo balu, Itziar tabernan).
II. Bertso Aroari Alaia Martinek eta Amets Arzallusek jarriko diote azken puntua, hilaren 31rako Bixi-Bixi elkartean antolatu duten bertso afarian. Gai jartzaile Donibane Azkarate ariko da. Bertso afarirako txartelak 15 euro balio du eta Itziar tabernan eman behar da izena. Menuan, urdaiazpikoa, otarrainxkak, antxoak, postrea, kafea eta kopa agindu dituzte.