Hondarribiko hiru ikastetxeetako hainbat ikaslek Agenda 21en eskolarteko foroan parte hartu zuten ostiralean. Aurten kontsumo arduratsua landu dute eskoletan eta horri lotutako hainbat gaien gainean egin dute lan, hala nola, energia, hondakinak, mugikortasuna eta ura. Ekaina hasiera ikasleen ordezkariak udal ordezkariekin bilduko dira eta landutakoaren berri emango diete.

Hiru ikastetxeetako ikasleak elkartu ziren
Hondarribiko hiru ikastetxeetako hainbat ikaslek Agenda 21en eskolarteko foroan parte hartu zuten ostiralean, Hondarribiko udaletxeko areto nagusian. Udalak azaldu duenez, “parte-hartze foro honen helburua ikasturtean zehar egindako lana laburbiltzea, eskolek bere gain hartuko dituzten konpromisoen zerrenda adostea eta Udalari zuzendutako eskaerak lantzea izaten da”.
Aurten kontsumo arduratsua landu dute eskoletan eta horri lotutako hainbat gaien gainean egin dute lan, hala nola, energia, hondakinak, mugikortasuna eta ura. Ostiralean hiru zeregin izan zituzten: Kontsumo Arduratsuari lotuta eskola guztiek partekatutako konpromisoen zerrenda osatzea, eragile ezberdinen partaidetzaren egoera zein izan den baloratzea (ikasleak, irakasleak, eskolako beste langileak, gurasoak, udala) eta hurrengo ikasturtean landu nahiko luketen gaia adostea. Azken honi dagokionez, elikadura jasangarria landuko dutela erabaki zuten.
Ekaina hasiera ikasleen ordezkariak udal ordezkariekin bilduko dira eta landutakoaren berri emango dietela azaldu du Kalixa Silanes Agenda 21eko zinegotziak: “Ikasturtea amaitu aurretik, eskolak Hondarribiko udal ordezkariekin bilduko dira ekaina hasieran, egindako lana aurkezteko, hartu dituzten konpromisoak zerrendatzeko eta Udalari zuzendutako eskaerak planteatzeko”.