Pasai Antxoko talde feminista, Harremantxok, logotipo berria aurkeztu du. Izaro Mariezkurrena ilustratzaileak landu du taldearen irudi berria. Bide batez, jaiak prestatzeko lanean dihardutela iragarri dute, eta antolaketan ari diren guztiei “betaurreko moreak jantzi ditzaten” eskatu diete, jai parekideak soilik horrela lor daitezkeelako. “Jaiak denonak eta denontzat dira eta egitarauan, musikan, rolak banatzeko orduan, harremanetan, etxean, kalean… denok parte hartuko dugu”, esan dute. “Herriko plaza denon etxea bihurtzen den egun horietarako kontzientzia hartzeko” eskatu dute.