Trintxerpen azken egunotan agertu diren atez atekoaren aldeko pintaketak deitoratu dituzte PSE-EEk eta EAJk prentsa ohar bidez. PSE-EEren arabera, Trintxerpeko “propietate publiko zein pribatuetan” agertu diren pintaketak ez dira “gizalegezkoak”. Horregatik salaketa egin eta udal ordenantza bete dezan eskatu dio gobernu taldeari “pintaketa hauek zein udalerriaren irudia degradatu eta zikintzen duten bestelako pintaketak” ezabatzeko eskatuz.
EAJk, bere aldetik, Pasaiako kartel, pankarta eta pintaketa guztiak kentzeko eskatu du. Bilduri pintaketa eta pankartei buruzko ordenantza betearazi behar duela dio EAJk, eta nabarmendu dute hiri altzariak errespetatu, zaindu eta garbi mantentzea herritar guztien ardura dela. “Azken asteotan hainbat pintada agertu dira Pasaiako paretetan, eta horregatik, uste dugu beharrezkoa dela Bilduk gai honen inguruan zerbait egitea eta neurriak hartzea” adierazi du Nahikari Oterminek. Bozeramaile jeltzalearen aburuz, “pintadak, pankartak eta kartelak herriak bizi duen utzikeriaren isla dira, baita udal gobernuaren arduragabekeriaren seinale ere”, haren ustez, “egoera hau ordenantza ez betearazi izanaren ondorio” delako.