
Orain arte egindakoari ‘8’-ko nota jarri dio Vazquezek
La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du asteburuan San Cugat del Valles herrian (Bartzelona, Herrialde Katalanak). Hango taldea, Errioxako Calasancio eta Balear Irletako txapeldun Mata de Jonc taldea izango dituzte aurkari. Denek denen kontra jokatuko dute eta lehen biak igoko dira. Mikel Vazquez jokalariarentzat, “saria” da kanporaketa jokatzea baina igotzeko aukera ez du baztertzen: “ikusiko da kantxan”.
Txingudi Ikastolan hartu zuen lehen aldiz eskubaloiko baloia, kimu eta haur mailan. Hiru kirol egiten ziren baina kasualitatez eskubaloia tokatzen zenetan eskumuturra puskatuarekin harrapatzen zuen beti eta “igual hiru hilabete bakarrik” jokatu zuen eskolan. Ikastola eta gero, kadeteetan, Hondarribia taldera sartu zen. “Oso txarra nintzen eta ez ninduten Bidasoarako deitu”, esaten du. Beteranoa da jadanik, hamahiru urte baitarama nagusien mailan, horietatik hamar inguru lehen taldean. Hortaz, badaki Hondarribiko taldearekin Espainiako Lehen Mailan jokatzea zer den, “4 urte oso eta partidaren bat lehenagotik ere”.
Nola baloratzen duzu orain arte denboraldian egindakoa?
Aurreko urteak ikusita eta, jakin genuenean pista entrenatzeko izango genuela —iaz bitarte Irungo Urantzun entrenatzen ziren, Hondartza kiroldegia Hondarribia-Irun saskibaloiko lehen taldeak zuelako esklusiban—, gure buruari erronka bat jarri genion, lehen lau edo bosten artean bukatzea, aurreko urteetako maila hobetzea, eta nire ustez lortu dugu. Oso ongiko nota bat jarriko nioke taldeari.
Jokatzen duzuen kantxan entrenatu ahal izatea hain inportantea izan al da zuentzat?
Bai, batez ere Urantzu pilotalekuan entrenatzen genuelako, ez hotzagatik, baizik eta lurragatik, bertan keinu bat fuerte egiteko edo jaurtiketa bat fuerte egitea zaila zen. Hona [Hondartzara] iristen ginen partidara eta partidan bertan zen lehen aldia fuerte egiten genuena. Orain hemen entrenatzen gara egunero eta partidara askoz indartsuago iristen gara. Beraz, bai, noski, oso inportantea da hemen entrenatu ahal izatea.
Denboraldia luze egin zaizue, lesioengatik, eta larri ibili zarete lehen itzulian irekitako tarteari eutsi eta sailkapena lortzeko. Eskerrak besteek ere huts egin dutela…
Bai, nik uste denak iritsi garela oso justu. Ez dugu bigarren buelta on bat egin, ez lehenengoa bezain ona behintzat, baina beste taldeak ere gure puntuazioan ibili dira eta azkenean mantendu dugu bi puntuko edo hiru puntuko abantaila txiki hori.

Taldea, ligako azken partida eta gero
Eta igoera fasea jokatuko duzue. Hori saria al da, edo saria oraindik ez da iritsi?
Noski saria dela kanporaketa jokatu ahal izatea. Lehen Mailatik jaitsita, aurreko bospasei urteetan azken lau edo bost postuetan ibiltzen ginen beti. Kanporaketa jokatzea sari moduko bat da, dudarik gabe.
Baina hor ez da geratzen guztia, ez?
Orain artekoari ‘8’-ko nota bat ematen badiot, igotzea lortuko bagenu, ‘9’-koa izango litzateke. Bestela, 8ko bat ere oso ondo dago.
Noiz abiatuko zarete Kataluniara?
Ostiralean, goizeko bostetan aterako gara, ordu bata aldera iritsi, bazkaldu, pixka bat deskantsatu eta listo, jokatzera.
Ez duzue han entrenatzeko aukerarik?
Ez, jokatu zuzenean. Talde umila gara. Diru pixka bat gehiago egongo balitz agian ostegunetik joango ginateke Sant Cugatera, baina ezin izan da.
Lehen partida zeinen kontra da?
Errioxako txapeldunaren kontra, Calasancioren kontra. Oraintxe [elkarrizketa astearte arratsean egin zen] bideo bat ikusten egon gara eta bueno, oso onak iruditu, edo txarrak iruditu, azkenean kantxan ikusiko da zein den hobea.
Zuek eta beraien nolakoak diren kontuan izanik, nola landuko duzue partida hori?
Gure antzerakoak dira, agian baxuagoak, jaurtiketarik gabe, gu bezala; defentsa itxiagoa egiteko eskatu digu entrenatzaileak, eta ikusiko dugu atezainak laguntzen digun.
Zuen alde, defentsa, aurten erakutsi duzuen defentsa hori?
Azken fasean sartu bagara defentsari esker izan da. Gutxitan sartu dizkigute 23 gol baino gehiago. Hondarribian beti, Migelekin —Miguel Angel Izquierdo, kadeteen entrenatzailea— hasi nintzenean helburua zen hemezortzi gol jasotzea gehienez, hori irakatsi digute eta horretan dihardugu.
Eta falta zaizuena altura da.
Bai, deituko genioke gustura Philippe Kallman edo antzerako bati, partidak estu doazenean bost jaurtiketa egiteko, baina ez dugunez, borrokatu behar.
Zaleak faltan botako al dituzue Katalunian?
Bai, baina jokalarientzat ere… Begira, ez genuen hau espero. Buru belarri egongo bagina honen bila, adibidez, Usurbilek 50. urteurrena du eta hasieratik helburua liga irabaztea eta igoera fasea etxean jokatzea bilatzen zuten. Guretzat opari bat da, noski, zaleentzat hobeto litzateke Hondarribian jokatzea, baina guk agian merezi dugu behin, agian bizitzan ez baita errepikatuko, hemendik urruti ateratzea.
Eta presiorik gabe gainera.
Beno, hasi gara ia tentsio puntu bat nabaritzen eta hori ona da. Badakigu Kataluniako txapeldunaren aurka seguru asko ez dugula ezer egiteko, beraiek 40 golera jokatzen baitute, baina jakin genuenean bi igotzen zirela, bigarren postu hori borrokatzeko aukerak ikusten ditugu. Kapaz gara hiru partidak hamar golengatik galtzeko edo lehenengoak geratzeko hiruren arteko berdinketa baten ondorioz. Ikusiko da kantxan.
Bigarren partida Baleareetako taldearen aurka jokatuko dugu eta azkena etxeko taldearen kontra. Espero dugu azken partidarako ja sailkatuak egotea, bestela oso zaila izango da etxeko taldearen aurka irabaztea, beraiei postua kenduta gainera. Baina garrantzitsuena zera da, disfrutatzea, hori dagokigu.