Behobia auzoak irabazi du Txingudiko Zerbitzuak erakundeak (Txinzer) Irunen eta Hondarribian abian duen Urrezko Edukiontzia kanpainako apirileko erronka. Edukiontzi urdina gehien erabili dutenak izan dira behobiarrak. Larunbatean kale animazioz ezagutaraziko dute kanpiana Hondarribian.
Behobia auzoak irabazi du Txingudiko Zerbitzuak erakundeak (Txinzer) Irunen eta Hondarribian abian duen Urrezko Edukiontzia kanpainako apirileko erronka. Edukiontzi urdina gehien erabili dutenak izan dira behobiarrak eta horregatik urre koloreko edukiontziak jarri dituzte auzoan hilabetez: “Irungo auzo horixe izango da datozen asteetan urrezko edukiontzien gunea erakutsiko duena, auzokoek hondakinak bereizteko egindako ahaleginaren sari sinboliko gisa”.
Behobiko bizilagunek 5,2 tona paper eta kartoi birziklatu zituzten apirilean, 5,4 kilogramo biztanleko. Hondarribiko Zimizargan gehiago bildu zuten, 6,3 tona, baina biztanleko 5,3 kilogramo; horregatik, gertu bada ere, bigarren tokian geratu da martxoko erronka irabazi zuen Zimizarga. Hirugarren eta laugarren tokian Hondarribiko Portua eta Jaitzubia geratu dira, biztanleko 4,3 eta 4,2 kilo birziklatuta, hurrenez hurren.
Urtarrilean abiatu zuen Txinzerrek Urrezko edukiontzia kanpaina, gaikako bilketa sustatzeko eta herritarren ohiturak ezagutzeko asmoz. “Kanpainak hainbat helburu ditu: auzokoak bultzatzea hondakinak bereizi ditzaten, eta horrenbestez, birziklatze mailak hobetzea lortu, eta gaikako bilketaren datuak hobeto ezagutzea auzoz auzo. Horri esker, eremu desberdinetako egoera aztertu ahal izango da eta beste era bateko ekintza zehatzagoak jarri ahal izango dira abian”, azaldu dute erakundeko arduradunek.
Maiatzean beira
Urrezko edukiontziaren lehiaketak segitzen du. Maiatzean beiraren gaikako bilketa hoberen egiten duen auzoa sarituko du Txinzerrek. Aurreko hilabeteotako sailkapenak eta kanpainari buruzko informazioa ezagutzeko
urrezkoedukiontzia.com webgunea bisitatu daiteke.
Larunbatean, hilaren 17an, kanpainari buruzko informazioa zabalduko du Txinzerrek Hondarribian: “kaleko animazio talde batek Hondarribiko hainbat lekutara eramango du kanpaina, hondakinak bereizteak duen garrantziaren inguruan herritarrak, modu atseginean, sentsibilizatzeko asmoz”.