Lakuak Pasaiarako DBH zentroaren eskaerari erantzungo dio datorren astean
Datorren asteko ostegunean, hilak 22, bilera garrantzitsua du Amaia Agirregabiria alkateak Gasteizen. Hezkuntzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendi Landarekin bilduko da, herriko aspaldiko aldarrikapen bati Lakuak zein erantzun ematen dion entzuteko. Alkatearekin batera, Aitor Armentia, Karmengo Amako ikastetxeko zuzendaria eta DBHren Aldeko Batzordeko kideak joango dira Gasteizera.
Urteak daramatza Karmengo Ama ikastetxeko komunitateak Pasaiako Udalarekin batera Hezkuntza Sailari herrian DBH eskain dezan eskatzen. Iazko urrian, gobernu aldaketa medio, Pasaiako Udaleko ordezkaritza bat, Karmengo Amako zuzendaritza eta DBHren aldeko plataforma, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batzartu ziren. Bilera hartan, gobernuan hasi berriak zirela-eta, 2014. urte hasierarako egoera aztertu eta erantzun bat ematekotan geratu zen sailburua. Hilaren 22an, hain zuzen ere, iazko bileran agindutako erantzuna jasotzera joango dira Karmengo Amako kideak eta udala bera.
Donibaneko ikasleen garraioa
Bide batez, Lezo Herri Eskolara joaten diren Donibaneko ikasleei datorren ikasturtetik aurrera garraioa kenduko diotelako kexa helaraziko du alkateak. Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, datorren ikasturtean garraiorako eskubidea galduko dute ikastetxetik 2.000 metro baino gutxiagora bizi diren ikasleek. Danibaneko ikasleekin salbuespen bat egingo dute, Lezora bidean galtzadak duen egoerarengatik, baina, trukean, jangela zerbitzuaren kuota % 100ean ordaindu beharko dute ikasleek.