Euskararen aldeko lurrikara izango da Pasaian hilaren 25ean. Epizentroa, Donibanen. Bertan Pasaian euskaraz bizitzeko nahia duen jendeak, edo horretarako bidean dagoenak Prest! euskaraz bizitzeko mosaiko erraldoia egingo du. Aldi berean, Oarsoaldeko euskaltegien ekimenez, Mintzagun jaia egingo dute egun berberean. Euskararen lurrikararen uhinak, hortaz, Pasaia osora bakarrik ez, Oarsoaldeko beste herrietara ere iritsiko dira.
Elkarlanean ari dira Pasaiako eragileak euskararen normalizazioaren eta erabileraren bidean duela bi urtetik, 2011n Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko bidean abiatu zen indarra baliatuz. Prest! lelopean ari dira lanean azken hilabeteetan; Donibanen euskararen alde lanean dabilen taldea da Prest, eta lelo hori baliatuta ari dira Pasaia osoan lanean, hainbat sektoretan, eta hainbat ekintzaren bitartez. Kuadrillategi, Irrien Lagunak, ikastetxeak, euskaltegiak, merkatariak eta udala ari dira horiek guztiak egiteko, eta bideratzen. Eta egiten ari diren lan horren mugarri izatea nahi dute hilaren 25ena plazan egingo duten mosaiko erraldoia, egiten ari direna zabaltzeko indar erakustaldia. Mosaikoaren oinarria izango da Prest! leloaren hizki bakoitza jendez betetzea, sektoreka antolatuta.
12:00etatik 13:30ak ingurura arte egingo dituzte mosaikoa, eta horrekin lotuta antolatu diren hainbat jarduera. Honakoak dira:
- Albaolako ontzi batek ekarriko du badian barrena Prest leloa oihalean.
- Ontzia datorren bitartean Kuadrillategiko gazteen batukada izango da, giroa alaitzeko.
- Ekitaldiaren aurkezpena Prest euskara taldearen ordezkariek egingo dute.
- Esti Etxeberria sanpedrotarrak kantaldia emango du.
- Mosaikoa egiteko entsegua hasiko da ondoren.
- Ikastetxeetako haurrek Euskaraz bizi nahi dut Esne Beltzaren abestiaren koreografia dantzatuko dute.
- Mosaikoa osatu, eta bideoz grabatuko da. 2-3 minutuko grabazioa izango da; esan bezala, sektore bakoitzeko kideek letra bana beteko dute, baina herritar orori dago zabalik ekitaldia.
- Andoni Ollokiegi sanjuandarraren musika saioa.
- Agurrean, bertso bat kantatuko dute parte hartzaile guztiek.
Bestalde, honakoak dira mosaikoa osatzeko xehetasunak:
- P hizkia Prest euskara taldeko kideek osatuko dute.
- R hizkia Kuadrillategiko kideek osatuko dute.
- E hizkiaren ardura Pasaiako Irrien Lagunak taldeko kideena da.
- S hizkia ikastetxeetako ikasleek beteko dute.
- T hizkia merkatarien esku geldituko da.
- ! edo harridura ikurra betetzea euskatelgiko ikasleen kontu dago.