Ikasleek elkar ezagutzeko aukera izan zuten
Bidasoa ibaiaren bi aldeetako 250 ikasle baino gehiago Errenterian elkartu ziren atzo Euskal Eurohiriak antolatzen duen Ingurumenaren Jardunaldian. Goizean aurkeztu zituzten ikasturtean zehar elkarrekin egiten aritu diren lanak eta, arratsaldean, jolasak eta flash mob bat egin zituzten. Errenteria ezagutzeko aukera ere izan zuten eta herriko ikasleak izan zituzten gidari.
Euskal Eurohiriak hainbat urte daramatza jarduera hau antolatzen eta bere helburua da iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko elkar ezagutza hobetzea. Jardunaldiaren aurkezpenean Julen Mendoza Errenteriako alkatearekin batera egon zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetako eta Turismoko zuzendari Iker Ruiz de Eguinok adierazi zuenez, “talde lanak egiten eta partekatzen dituzten bitartean, ikasturtean zehar zenbait egunetan elkarrekin egoteak laguntzen die oztopoak gainditzen eta ikusarazten gauza asko dituztela komunean”.