Ametsa Txiki Abesbatzak kontzertu bikoitza emango du gaur
Irungo ikastetxeetako 4. mailako Lehen Hezkuntzako ikasleek Ametsa Txiki Abesbatzaren emanaldia ikusteko aukera izango dute gaur goizean. Bi hitzordu antolatu ditu udaleko Hezkuntza departamentuak horretarako: lehena, 09:30ean eta bigarrena, 11:00etan. 573 ikaslek ikusiko dute denera emanaldia.
Ametsa Txikiren kontzertua Irungo Udalak antolatutako kontzertu pedagogikoen barruan dago. Orain arte, piano jotzaileak, Skola Musikeko pop-rocka eta Donato Goyeneche hirukotea entzuteko aukera izan dute Irungo ikasleek.
Fernando San Martin Hezkuntza delegatuaren arabera, “dagoeneko 1.000 ikasle baino gehiago izan dira kontzertuetan”. Izan ere, Irungo ikastetxe gehienek parte hartu dute ekitaldi ezberdinetan, besteak beste, Belaskoenea, Dunboa, Eguzkitza, Elatzeta, Leka Enea, Toki Alai, Txingudi, El Pilar, La Salle, San Vicente de Paul eta Eraingo ikasleak izan dira bertan.