Larunbat honetan, hilak 17, Euskaraz Bizi Eguna egingo dute Errenteria-Oreretan. Oreretako EHE Euskal Herrian Euskarazek antolatu du ekintza hori, eta bertan, espaloitik ez direla jaitsiko aldarrikatuko dute; alegia, ez direla erdararen errepidera joango. Hori irudikatuz, EHEren karakolaren mosaiko erraldoia egingo dute.
Lelo horren jatorria Ferran Suayk idatzitako
Bahamarren edukazio ona testua dago. Apartheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zena kontatzen du: bertako herritar beltzak espaloitik jaisten ziren zuriak zirenekin gurutzatzea saihesteko. Berak katalanarekin gertatzen dena horrekin alderatzen du, baina euskararekin ere gauza bera egin daitekeela iritzi dio EHEk: “Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta erdaren errepidera egiten dugula salto”.
Zentzu horretan, mendez mende garatzen joan den “ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gainditu” behar direla iritzi dio. Hala, Euskaraz Bizi Egunean, euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egitera animatu dituzte oreretarrak.
[box]
Egitaraua
Hilak 14, asteazkena
- 20:00: Izan, egin, eragin dokumentalaren emanaldia, Reina aretoan.
Hilak 15, osteguna
- Gauean: Reyna tabernan kontzertua eta testu lehiaketaren sari banaketa.
Hilak 17, larunbata
- 11:00-12:45: Dantzariak, muxikoak, trikitilariak, Mintzodromoa, haur eta gurasoen olinpiadak.
- 12:45: Irrien Lagunen haur batukadaren igoera, Herriko Plazara.
- 13:00: Mosaiko erraldoia, Herriko plazan.
- 14:30: Bazkari herrikoia, Zumardian.
- Bazkalostean: Unai Ormaetxearen bakarrizketa eta kantaldia Ane Badiola eta Iñaki Labakarekin.
- 18:30: Poteo musikatua.
- 23:00: Karaokea eta pirabi jaia, Arkaitza tabernan.
[/box]