Maila ez galtzeko Zarautzek eta Vasconiak baino hobeto bukatu beharko du liga Hondarribiak
Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldea Ohorezko Mailako sailkapeneko jaitsiera postuetan jarri da, joan den larunbatean etxean Antzuolaren aurka galdu eta gero (3-4). Denboraldia hasi zenetik lehen aldiz jaitsiera postuetan sartu da Hondarribia. Denboraldia bikain hasi zuen taldeak baina indarra galtzen joan da. Lehen hamabost partidetan 22 puntu pilatu zituzten hondarribiarrek, eta azken hamazazpi partidetan, aldiz, hamahiru puntu baino ez.
Liga amaitzeko bi partida baino ez dira geratzen eta bi partida horietan Vasconiak edota Zarautzek baino puntu bat gehiago edo Bergarak baino hiru gehiago lortu behar ditu Mikel Llorentek zuzentzen duen taldeak.
Lehen finala Aurreraren kontra jokatuko dute berdeek, kanpoan, eta liga etxean itxiko dute, Hondarribiko taldearekin berdinduta dagoen Vasconiarekin. Asteburu honetan egiten dutenaren zain, baliteke azken jardunaldiko Hondarribia-Vasconia partidan erabakitzea Preferentera zein talde jaitsiko den, hau da, bi talde horietako bat izatea.
Hondarribiak hiru aurkariekin du average-a galduta eta, hori horrela, 16. tokian berdinduz gero Hondarribia jaitsiko litzateke. Hortaz, beste taldeen gainetik sailkatzea behar du eta horretarako oso garrantzitsua asteburu honetan puntuatzea eta, zer esanik ez, liga Vasconiari irabaziz amaitzea.