Euskararen ahozko erabilera areagotzeko ikastaroa antolatu dute, Lezoko merkatariei begira
Euskararen ahozko erabilera areagotu nahi du udalak Lezoko komertzioetan. Hori lortze aldera, euskara ikastaroa antolatu du Lezoko Udalak merkatariei begira. Oroitzene AEK Euskaltegian ematen ari dira ikastaroa asteazkenero 13:15etik 14:45era bitartean eta helburua bezeroekin egunero izaten den gutxieneko komunikazioa euskaraz egin ahal izatea da. Horren harira, agurrak, kontuak, eguraldiaren gaineko kontzeptuak lantzen dituzte euskara ikastaroan parte hartzen ari diren merkatariak. Interesdunek Lezoko AEKren euskaltegira jo behar dute edo udaleko euskara zerbitzura. Matrikulak berriz, 150 euro balio ditu, baina ikasturte amaieran %80ko asistentzia ziurtatzen duten ikasleei dirua itzuliko die udalak.
Merkataritza euskalduntzeko plana
Lezoko udalak merkataritza euskalduntzeko plana abian duela eta joan den urtetik hainbat egitasmo egin dituela udalerrian jakinarazi du bestalde. Euskara sailetik euskararen alde egiten ari diren esfortzua eskertu diete herriko merkatarieieta bezeroei ikasten ari diren horiekin euskaraz egiteko eskatu die. Une honetan Zubitxo janari dendak, Ximak ile apaindegiak, Lezoarrak tabernak eta Sagar Zulo jatetxeak egin dute bat ekimenarekin.