Irudian, langileak bidea asfaltatzen
Irungo Udaleko Mugikortasun, Bide Publiko eta Obra departamentuko Cristina Laborda zinegotziak asfaltatze kanpainaren nondik norakoen berri eman du gaur goizean. Azaldutakoaren arabera, esku hartzeak hiriko hainbat puntutan burutuko diren arren, Piketazaharra eta Muinoa kaleei ekingo diete lehenbizi.
Hala, Lapitze eta Elizatxon kokatutako Piketazaharra eta Muinoa kaleak izango dira lehenak, baina ez bakarrak. Horien ondotik, Zubiarre, Ramon Iribarren, Berrueta Margolaria, Artaleku, Geltoki, Beraketa eta Perujaran kaleetan ere egingo dituzte hobekuntzak. Era berean, Nafarroa etorbideko zati bat eta Lapitze auzoko zenbait gune txukunduko ditu udalak. Azkenik, kanposantutik Zaisa III-ra doan Ernautenea bidea konponduko dutela ere adierazi du Laborda zinegotziak.
Asfaltatze kanpaina osoa burutzeko 239.432,45 euroko aurrekontua duen arren, aipatutako esku hartzeak 103.368,63 euroko kostua izango duela jakinarazi dute. Eguraldiak laguntzen badu, hilabete bateko epea izango dute eraberritze lanek.