Ostegun honetan, hilak 15, hasi eta bi asteburutan egingo dute euskal musikaren astea, Eresbilen eskutik. Aurten, Valentin Zubiaurre musikagilea eta bere lana oroituko dituzte, eta horietako Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Andra Mari Abesbatzarekin batera emandako kontzertuan entzun ahal izango dira.
Julen Mendoza, Garazi Lopez Etxezarreta, Jon Bagues eta Gabi Igarzabal.
Iaz estreinatutako formula errepikatuz, aurten ere bi asteburutan banatuko da Musikaste, euskal musikaren astea: ostegun honetan hasi eta hilaren 24ra arte. Bederatzi izango dira estreinatuko dituzten obrak: zazpi koralak eta gainontzekoak sinfonikoak.
Koralak hilaren 22ko (osteguna) kontzertuan entzun ahal izango dira. Bertan aurten 50 urte bete dituzten hiru abesbatza taularatuko dira: Ertizka otxotea (Añorga), Lartaun abesbatza (Oiartzun) eta Olabide haur abesbatza (Gasteiz). Laugarren batek ere parte hartuko du, Landarbaso abesbatzak. Urteurrenen harira, abesbatza horientzat espresuki egindako obrak entzun ahal izango dira lehenengoz.
Obra sinfonikoei dagokienez, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta AMA Andra Mari Abesbatzak hilaren 24ean emango duten kontzertuan estreinatuko dituzte. Bata Enriquez Vazquezena da, eta bestea Lorenzo Ondarrarena.
Gaur goizean egin dute 42. aldiaren aurkezpena Jon Bagues Eresbileko zuzendariak, Gabi Igarzabal Andra Mari Abesbatzako kideak, Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Garazi Lopez Etxezarreta aldundiko Kultura zuzendariak.
Valentin Zubiaurre
EOS eta AMAk emango duten kontzertu horretan ere Valentin Zubiaurrek sortutako operen zatiak entzun ahal izango dira. Euskal konpositore bat oroitzen dute urtero, eta aurtengoan, hain zuzen, Zubiaurre ekarri nahi izango dute gogora.
Madrilgo Kapera Errealeko maisu izan zen konpositorearen funtsa gordetzen du Eresbilek. Horrenbestez, garai hartan berak egiten zituen ariketa eta azterketa guztiak ditu Eresbilek, eta horiek ezagutarazi nahi ditu. Piezak Musikeneko ikasleek interpretatuko dituzte, hilaren 22an, Agustin Arrazolak idatzitako gidoia duen ikuskizunean.
Egungo musika
Musikasteren egitarauak ere egungo eta musikagileak biltzen ditu, eta lehenengo asteburuan, musika bizia izango da landuko dutena. Opera elektronikoarekin hasiko da aurtengo Musikaste. Ekitaldi berezia izango da, Zuriñe F. Gerenabarrenaren
Despertar a la vida es sueño obra interpretatuko baitu June Telletxea sopranoak, baina ahotsa maila elektronikoan moldatuko dute. Horrenbestez, emanaldi bakoitza “bakarra” izaten dela nabarmendu du Baguesek.
Musika biziaren atalean ere Oskorri eta EMKE Errenteria Musika Kultur Elkartearen bandak emango duten kontzertua dago, larunbat honetan, hilak 17. Aurten 150 urte bete ditu Errenteria-Oreretako bandak eta urteurrena ospatzearekin batera, familia guztiak gozatzeko kontzertua antolatu nahi izan dutela adierazi du Eresbileko zuzendariak.
Ahalegin ekonomikoa
Aurtengo Musikaste ere aurrera ateratzea lortu dutela adierazi dute antolatzaileek, batik bat instituzioen eta babesleen laguntzari esker. Baguesen arabera, ahalegin bat ere egin behar izan dute EOS ekartzeko.
Nolanahi ere, ekitaldien prezioak eskuragarriak egin nahi izan dituztela esan du. Hala, sarrerak guztien prezioa 5 eurokoa izango da, EOS eta Andra Mariren kontzertua izan ezik, 9 euro. Horrez gain, EMKE eta Oskorriren kontzerturako sarreretan umeek beherapenak izango dituzte: 3 urtetik beherakoek doan, eta 12 urtera artekoek 3 euro.