Ama Guadalupekoa Judo Taldeak lau zilarra lortu ditu asteburuan Leganesen (Madril) egin den Haur eta Kadete Mailako Espainiako Judo Txapelketan, zilar eta brontze bana adin bakoitzean. Maialen Ramosek eta Aitor Goikoetxeak zilarra lortu zuten eta Oier Goikoetxeak eta Javier Estevas-Guilmainek brontzea.
Hondarribiarrak, txapelketara joan aurretik
Ama Guadalupekoa Judo Taldeak lau zilarra lortu ditu asteburuan Leganesen (Madril) egin den Haur eta Kadete Mailako Espainiako Judo Txapelketan, zilar eta brontze bana adin bakoitzean.
Kadeteetan Maialen Ramosek lortu zuen zilarra, -63 kiloetan; Euskadiko Selekzioarekin lehiatu diren bederatzi hondarribiarretatik neska bakarra izan da Ramos. Hondarribiarrak lau borroka gainditu zituen finalera iristeko, bere aurkari nagusi Victoria Serrano valentziarrak egin bezala. Denboraldiko bi onenen arteko finala izan zen, oso parekatua, eta garaipena valentziarrarentzat izan zen.
Eta Haurren Mailan Aitor Goikoetxeak jantzi zuen zilarrezko domina (-42 kilo). Hemen ere rankineko bi lehen postuen artean erabaki zen txapelketa eta emaitza bera izan zen, urrea Valentziara joan baitzen, David Tsiptauri judokaren eskutik.
Goikoetxeak eta Ramosek lortutako bigarren postu horiekin urrezko denboraldia itxi dute Ama Guadalupekoa taldeko bi kirolariek, euren pisuan rankineko lehen postuan iritsi baitira Leganesko txapelketara.
Meritu handiko brontzeak
Leganesen, Amaren brontzeak Oier Goikoetxea kadeteak (-55 kilo) eta Javier Estevas-Guilmain (-46 kilo) haurrarentzat izan ziren. Goikoetxeak gerora txapeldun geratu zen Gerard Garriga katalanarekin galdu zuen finalerdietan eta brontzerako borrokan Guillermo Rad asturiarra menderatu zuen.
Estevas-Guilmainek, aldiz, errepeska irabazita lortu zuen brontzea. Final laurdenetan erori zen, hau ere txapeldun geratuko zenaren aurka, Eric Gerra katalana. Errepeskan hiru borrokak gainditu zituen Estevas-Guilmanek, brontzea lortuz.
Meritu handiko bi brontze eskuratu zituzten Amako ordezkariek. Denboraldi ona egin dute bi haurrek eta, bakoitza bere pisuan, rankineko zazpigarren tokian iritsi dira txapelketara. Horrekin konformatu ez eta brontzezko domina bana ekarri dute herrira.