Gerar Carrere azalpenak ematen
SOS Arrazakeriak badu egoitza Errenteria-Oreretan. Erdialdeko Topo geltokiaren parean dago, Oarso eraikinean, azken solairuan. Egoitza horretan Errenteria-Oreretako eta eskualdeko etorkinei aholkularitza zerbitzua emango diete, Gerar Carrere SOS Arrazakeriako kideak azaldu duenez.
Asteazkenetik aurrera emango du zerbitzua, honako ordutegian: 10:00etatik 14:00etara. Horretarako, erabiltzaileek aurretik hitzordua hartu beharko dute bi modu hauen bidez: telefonoz (658 74 97 56) edo emailez (
sosoarsoaldea[abildua]gmail.com). Aholkulari gisa Mikel Martiaran abokatua ariko da.
Atzo inauguratu zuten udalak utzitako lokala. Bertan izan ziren SOS Arrazakeriako ordezkariez gain, udalekoak (Julen Mendoza alkatea, Luisma Diez Hirigintza zinegotzia eta Alazne Korta Ondare zinegotzia), baita Errenteria-Oreretako nahiz Pasaiako udal taldeetako ordezkariak ere: PSE-EE eta Ezker Anitza. Horrez gain, herriko zenbait elkartetako ordezkariek ere parte hartu zuten.
Igantzin irekitzear egon zen udalak utzitako lokala duela hiruzpalau urte SOS Arrazakeria, baina auzotarrak ez ziren ados agertu, horrek arazoak sor zitzakeela argudiatuta. Azkenean atzera bota zuten, gaur arte.
Face2face erakusketa
Egoitza irekitzearekin batera, Face2face deitzen den erakusketa ikus daiteke. Egunkarietako zatiak eta argazkiak aurki daitezke bertan, eta immigrazioarekiko kontzientziazioa sustatu nahi du.