Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bultzatuta, eskualdeko komertzio txikietan euskararen erabilera era presentzia handitzeko egitasmo berria abian jarri dute, kasu honetan, fruta eta barazki dendetan aurrera eramateko. Lau neurri zehatz landu ditu batzordeak, hizkuntza paisaiari begira, nahiz hizkuntzaren erabilerari begira. Horren guztiaren berri gaur eman dute Oiartzungo Marisol fruta dendan batzordeko kideek, lau udaletako euskara zinegotzien nahiz Errenteria-Oreretako nahiz Oiartzungo merkatarien elkarteetako kideen bidez. Tokiko komertzioa bultzatzeko beste aukera bat da, aldi berean.
Dagoeneko eskualdeko 51 dendek bat egin dute egitasmoarekin, baina oraindik, hala nahi dutenek. parte har dezakete. Horretarako udalerri bakoitzeko euskara zerbitzura jo behar dute interesdunek, neurri hauek ezarri nahi badituzte hizkuntz paisaia nahiz euskararen erabilera areagotzeko:
- Barazki eta fruta salduenen panelak euskaraz banatuko dituzte, doan.
- Fruta eta barazki dendetako produktuekin hiztegia emango dute, panel modukoa.
- Fruta eta barazkiekin egindako errezeten lehiaketa egingo dute, eta herri bakoitzeko hiru errezeta onenek 50 euroko erosketa txartela irabaziko dute errezeta entregatu zuten establezimenduan erabiltzeko. Udazkenean egingo dute hori.
- Azkenik, sarituta izan diren errezetekin 2015eko egutegia egingo dute.
Oskar Zapirain, Oiartzungo Iturri merkatarien elkarteko ordezkariak esan duenez, bezeroei euskaraz zerbitzua ematea kalitatearen ezaugarri da, izan ere, tokiko komertzioaren ezaugarriak baitira hurbiltasuna, kalitatea, eta zuzeneko aholkularitza, eta horren barruan sartu dute euskararen erabilera. Eta Errenkoaldeko Imanol Iparragirrek nabarmendu zuen euskara erabiltzea denden zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera dela, eta egitasmoan parte hartzeko eskatu zien eskualdeko fruta eta barazki dendetako arduradunei.