
Olaskoaga eta Osinaga, atzo, kai berrian
Aurten Hondarribian arrantzatzen den arrain zuri guztia BM supermerkatuetan salduko da, Uvesco taldeak eta Hondarribiko Itsas Gizonen Kofradiak sinaturiko hitzarmenari esker. Lehen aldiz, herriko arrantzaleek legatza, mediana eta merlenka guztia salduta izango dute portura iritsi aurretik.
Atzo eman zuten kofradian akordioaren berri eta bertan izan ziren Uvesco taldeko arrain erosketa arduradun Jesus Osinaga eta Andres Olaskoaga kofradiako idazkaria. Olaskoagak azaldu bezala, BM-k 5 eta 7 euro artean ordainduko du arrain zuri kiloagatik, “arrainaren tamainaren arabera. Ez dugu sekula horrelakorik egin, lehen aldia da, baina positiboa izango dela uste dugu”. Bere iritziz, merkatuan kanpoko legatza asko dago eta “gehienetan arrain freskoa ez da behar bezala baloratzen”.
Osinagak onartu zuen hitzarmena “oso zaila izan dela, kofradiakoak oso zorrotzak direlako” eta nahi baino garestiago ordainduko dutela arraina, “baina eguneko legatza salduko dugu, eta hori zaila izaten da. Gainera, bi hilabete osorako prezioa badakigu, eta hori abantaila da”.
Berdelaren kanpaina atzeratu denez, ohi baino arrain zuri gutxiago jasoko dute aurten Hondarribiko arrantzaleek. Orotara, zazpi dira atzotik legatzetara aterako diren ontziak eta 20 tona inguru jasoko dituztela espero da. Herenegun 700 kilo sartu ziren portuan eta horiek BM-k Gipuzkoan dituen saltokietara bantu ziren. Gaur bi tona inguru jasotzea espero dute eta horrek Bizkaira eta Nafarroara ere bidaltzeko aukera emango diela gaineratu zuen Osinagak.
Uvesco taldearen eta kofradiaren arteko akordioa aurtengo denboraldirako da, baina bi aldeek heldu den urtean berriro esertzeko asmoa azaldu zuten.