Hondarribiko Udalak 133.000 eurotik gora banatuko ditu gobernuz kanpoko erakundeen, gizarte arloko elkarteen eta gazte boluntarioen artean. Gizarte Zerbitzuetako departamentuak hiru egitasmo ditu abian eta dagoeneko eskaerak egiteko epea ireki dute.

Aurrekontuaren % 0,7 bideratzen dute
GKEen artean 118.481 euro banatuko ditu udalak, gizarte arloko erakundeen artean 12.000 euro eta, bukatzeko, gazte boluntarioentzako bekak 3.000 eurorekin osatuko ditu, denetara 133.481 euro. “Hiru atal desberdin daude. Alde batetik, Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat diren laguntzak, bestetik gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten duten Elkarteentzat direnak, eta azkenik, Hondarribiko Gazte Bolondresei zuzentzen zaizkienak” argitu du Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Azken honetara aurkezteko, Hondarribian jaio edo bost urteetan bizi izandakoentzat izango da, 18 eta 35 urte bitartekoak, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lan-harremanik ez badute”.
Badira urte batzuk udalak aurekontuaren %0,7a gobernuz kanpoko eta gizarte arloan lan egiten duten elkarteei bideratzen diela eta hirugarren urtea da herrian jaio edo bizi diren gazte boluntarioei zuzendutako egitasmoa abiatuko dutela. Pelaezen ustez, bide horretan jarraitzea inportantea da: “Jakin badakigu momentu zailak bizitzen ari garela baina ez dugu ahaztu behar gu baino okerrago jende asko dagoela eta beste alde batetik ezeren truke besteentzako helburu miresgarri batean lan egiten dutenen alde egin behar dugu”.
Ekainaren 5ean bukatuko da eskaerak egiteko epea. Interesdunek BAZ buelgora jo behar dute, bai informazioa eskatzeko, baita eskaerak egiteko.