Gure Esku Dago, Errenteria-Oreretan
Errenteria-Oreretan ahalik eta jende gehien bildu nahi dute larunbat honetan, hilak 10, erabakitzeko eskubidearen alde atera nahi duten argazki erraldoian.
Antolatzaileen esanetan, urtarrilean ere antzeko ekimen bat egin zuten, baina herriko aurpegi ezagunekin. Orduan, ehun inguru lagun bildu ziren, eta oraingoan, gehiago elkartzea espero dute, baina “herri osoaren isla” izango den argazkia ateratzeko xedearekin.
Herritar guztiengana zabaldu dute deialdia: “Demokrazia da batzen gaituena, erabakitzeko eskubidea gure elkargunea, beraz, herritar orok du argazki horretan ateratzeko lekua”.
Argazki erraldoia egitarau baten azken partea izango da. Aurretik, kantu jira egingo dute, eta Zumardian amaituko dute Gure Esku Dagoren abestia kantatzen. Jarraian, Dantza Zati Bat ekintza egingo dute, Ereintza, Iraultza eta Beti Prest taldek prestatutako koreografiarekin. Horren ostean aterako dute argazki erraldoia, eta horretarako, herritarrei urdinez joateko eskatu diete.
500 metro salduak
Errenteria-Oreretan ari dira pixkanaka metroak saltzen, eta guztira, 500 metro baino gehiago saldu dituzte. Hala ere, beste hainbeste lortu nahi dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Zalantzan edo mesfidati daudenengana zuzendu dira, eta animatzeko esan diete.
Metroa eskuratzeko aukerak hemen aurki daitezke:
gureeskudago.net.
[box]
Egitaraua
- 12:00: Kantu jira, Herriko Plazatik.
- 13:00: Dantza Zati Bat, Zumardian.
- Jarraian: Argazki erraldoia, Zumardian.
[/box]